Tere Maldonado.

Erlijio ikasgaia egun-argitan

2016ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Pozarren gaude laikotasunaren aldekook, aspaldiko partez, gure helburuak lortzeko bidean oso urrats garrantzitsua egin dugulako: laikotasunaren gaineko debatea kalera atera da behingoz, eta mahai gainean dago. Hurrengo pausoa alderdien gai-zerrendetara pasatzea izan behar da; gizarte eragileen lehentasun bihurtzea. Geuk, geure partetik, beti pentsatu izan dugu erraza zela oso (baina, paradoxikoki, aldi berean oso zaila) erlijio katolikoaren egoera hezkuntzan salatzea. Horretarako, gauza sinple bat besterik ez genuen behar: jendea informatzea, datuak hedatzea, hezkuntza sisteman erlijioarekin zer gertatzen ari den lau haizeetara zabaltzea.

Ez da kasualitatea Eliza katolikoa mendeetan zehar obskurantismoarekin lotu izana. Ez du argitasuna gustukoa Elizak [...]. Antza denez, iluntasuna eta itzalak omen dira misterioaren zerizana. Berdin erlijio ikasgaiarekin. Jendea erlijioa hezkuntzan egotearekin ados egon daiteke ala kontra, baina oso gutxi dira benetan dakitenak zein diren sasi-ikasgai horren egoera eta bereizgarritasunak. Nork izendatzen dituen erlijio irakasleak, nork ordaintzen dien, nortzuek jorratzen dituzten programak, zein eduki dituzten programa horiek, zer-nolako pribilegioak dituzten erlijio katolikoaren irakasleek gainontzeko irakasleekiko, zer-nolako fededun izan behar diren, eta abar luze bat. Horregatik, Eliza Katolikoa zein erlijio irakasleak saiatu dira beti honen ingurukoak isilean gordetzen, argi dakitelako informazio ezak euren alde jokatzen duela erabat.

Erlijio ikasgaiari buruz argitu beharreko galdera asko egin ahal dira. Hara hor pare bat eta, bide batez, argi izpi batzuk: zergatik izendatzen dituzte Gotzainek hezkuntza publikoko erlijio irakasleak? (Hori, katolizismoaren kasuan; beste erlijioen kasuetan, euren kleroko edo elizgizon propioek egiten dute). Oso erantzun erreza: irakaskuntza konfesionala delako. Erlijio ikasgaian ez da bilatzen erlijioen gaineko ezagutza historikoa eta kritikoa ezartzea (hori, Historian edo Filosofian edozein gradudunek egin lezake, fededuna eta Gotzainen gustukoa izan ala ez izan). Erlijio ikasgaia konfesionala izateak esan nahi du fedetik eskaini behar dela. Erlijio katolikoarekiko uste ona hedatu behar dutela. Ondorioz, historian zehar kristautasunak egin dituen basakeriak, Elizaren krimenak, teozentrismoaren akatsak, gaur egungo fedearen eta zientziaren arteko gatazkak eta bateraezintasunak hainbat puntutan eta abar erabat deuseztatu egiten dituzte erlijio eskoletan. Irakaslea proselitista izan behar da, doktrinamendua besterik ez duelako zeregin eta beteb ehar. Kristau-katoliko sinesmena ezartzea, zabaltzea eta finkatzea dute helburu. Eta hori, jakina, bakarrik fededuna den batek egin dezake.

Baina ez pentsa edozein motatako fededunak egin dezakeenik. Fedearen barruan boteredunekiko kritiko samar agertzen dena; fededuna izanda ere, pentsatzen duena sinesmena lantzeko leku egokia tenplua dela eta ez eskola; doktrina irakatsi arren, oso modu inkoherentean dibortziatu egiten dena; bere burua lesbiana aldarrikatzen duena; eutanasiaren aldeko iritzia daukana... horrelakoek ez dirudi erlijio katolikoaren irakasleen zerrenda osatzen dutenen aurrean puntu gehiegirik lortu dezaketenik. Baina imajina dezakegu halakorik benetako ikasgaietan? Inondik inora ez, ulergarria denez. [...]

Eta zelan da posible halakorik, herrialde moderno eta garatu batean, non (printzipioz) erlijio, kultu, kontzientzia eta iritzi askatasuna bermatzen diren, eta Elizak ez daukan esku-sartzerik estatu, gobernu eta administrazioan? Bada, galdera horretan aurresuposizio gehiegi egiten direlako. Ia 40 urtez estatu, gobernu eta administrazioaren bihotzean eta bazter guztietan ezarrita eta muineraino txertatuta egon ostean, Trantsizioan (Trantsizio sakratuan gainera, esan dezakegu) Elizak eta nazional-katolizismoaren defendatzaileek ez zuten onartuko, besterik gabe, hortik alde egitea. Frankismoan Espainia eta Vatikanoaren artean Konkordatu delakoa egon zen indarrean. Diktadura desagertzean (edo) Elizak eta haren aldekoek Konkordatuari jarraipena emango zioten akordioak prestatu zituzten [...] Formalki Espainiako Konstituzioaren ostekoak izan arren, materialki aurrekoak dira. Konstituzioa onartu aurretik borobildu zituzten, baina kutxa batean gorde Konstituzioa ezarri arte. Haien eduki asko Konstituzioaren kontrakoak direla salatu dute aditu ugarik, esaterako Dionisio Llamazaresek, Estatuko Zuzenbide Eklesiastikoko katedradun emerituak. Gotzainek, erlijio irakasleek eta haien sindikatuek (gure artean ELA, UGT eta CCOO) nahi beste esan ahal dute, baina akordio horietatik, eta ez beste inondik, eratortzen dira haien legezko pribilegio baina immoral guztiak. Hona hemen galdera erreza eta sinplea: ados daude sindikatu horiek akordioak mantentzearekin? Argi esan dezatela, mesedez.

Geuk akordioak bertan behera utzi behar direla defendatzen dugu, baina, bitartean, bete daitezke modu oso desberdinetan. Zoritxarrez, Madrilgo gobernuek (PPkoek, baina PSOEkoek ere bai) zein Eusko Jaurlaritzak (EAJk, baina PSEk ere bai) inoiz ez dute minimoetara jo nahi izan, itxurak itxura, alderantziz, beti egon dira oso eroso Eliza katolikoen pribilegioen defentsan.

Bada, hauexek dira eztabaida ditzakegun puntu gutxi batzuk. Beste horrenbeste proposa daitezke. Eztabaida dezagun modu irekian eta publikoan, egun-argitan. Eusko Jaurlaritzari, alderdiei, sindikatuei eta, bereziki, erlijio irakasleei egiten diegu gonbita. Orain arte, alferrik izan da beti: erlijio ikasgaiaren defendatzaileek inoiz ez digute agerian erantzuten. Baina gero eta zailago dute itzalen artean ezkutatuta jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.