Nire eta nire adiskideen bularrak defendituko ditut

Mari Luz Esteban - Antropologoa eta idazlea

2015eko azaroak 1
Urriaren 19an ospatu zen bularreko minbiziaren kontrako egunaren harira gure osasun-agintarien eta hedabideetan agertu diren medikuen mezua baikorra izan da: azken urteetan intzidentziak gora egin badu ere, detekzio goiztiarraren programak ezin arrakastatsuagoak dira, eta tratamenduak gero eta hobeagoak, gero eta arinagoak. Lasai, beraz, emakumeok, ondo zainduta gaude-eta! Bizitza estiloetan, portaera indibidualetan eta emakumeok derrigor sentitu behar dugun kemenean oinarrituriko azken urteetako kanpainek optimismoa erein nahi izan dute eta baita, maila batean, lortu ere. Baina, zoritxarrez, ez dugu ez lasai ez pozik ezta baikor egoteko arrazoirik ere.

Mamografiak erdigunean dituzten programekin hasteko, Naia Pereda Basurtuko Ospitaleko fisikari medikuak hautsak harrotu zituen irailaren 11n, Naukas Bilbao zientziaren dibulgaziorako on-line plataforman aurkezturiko hamar minutu eskaseko bideo batekin. Bertan azken urteetan mamografien inguruan sortu diren hainbat zalantza laburtzen ditu (ikus: http://desayunoconfotones.org/2015/09/21/to-screen-or-not-to-screen-en-naukas-bilbao-2015/). Mamografia bidezko behaketaren arazo nagusiak bi lirateke: emaitzak ez direla uste bezain onak eta gaindiagnostiko gehiegi sortzen dituela, hau da, proba horren ondorioz, berez ezabatuko liratekeen edo garapen motel-motela izango luketen minbizi-zelulak aurkitzen direla, horrek dakarren hipermedikalizazio larriarekin: kimioterapia, ebakuntzak, tratamendu hormonalak… gehi kezka, izua, urduritasuna... Orain arte erabilia izan den Ā«zenbat eta lehenago hobeĀ» logikak galdua izango luke bere zentzua tratamenduen hobekuntza nabaria denean; gaur egun, minbiziaren motan jarri beharko litzateke arreta, eta ez tamainan. Mamografien inguruan dagoen eztabaida dela-eta, zenbait herrialdetan, informazio sakonagoa ematen hasi zaie programetan dauden emakumeei beraiek erabaki dezaten zer egin nahi duten; bestalde, berariazko batzordeak sortu dira programaren moldaketaz edota geroaz hausnartzeko eta erabakitzeko. Eta Euskal Herrian? Zerbait egiten hasi dira honen inguruan?

Baina hau egoeraren alderdi bat besterik ez da. Bigarren gai potolo bat arrosa koloreak margoturiko kontzientziazio kanpainena da. Bularreko minbiziaren inguruan dena da arrosa. Ez zen nahikoa egunotan neskatilak printzesa bihurtzeko jasaten dugun bultzadarekin, emakume nagusioi ere inposatu nahi zaigu gure arrosa dosia. Imajinatzen duzue prostatako minbizi baten kanpaina, lazo, panpina, apaingarri, osagarri arrosaz beterik? Onartuko lukete gizonezkoek halakorik? Eta guk, zergatik onartzen dugu guk? Kolore horrek, esaten dute, gordintasuna kentzen dio minbiziari, jasangarriago egiten du. Baina gutariko askorentzat kolore hori iraingarria da, infantilizatuta eta modu zehatz batez feminizatuta sentitzen baikara, xamurrak, maitekorrak, besteei emanak izatera kondenatuak, artalde arrosa baten partaide.

Nork esango zigun duela hogeita hamar urte gaur egun egin zitekeen jarduerarik feministenetarikoa, ekologistenetarikoa, iraultzaileenetarikoa, gure bularrak babestea izango zenik? Bada, tamalez, halaxe da, bularreko minbizia etekin ekonomikoen menpe bizi diren zientzia/medikuntzaren testuinguruan eta krisi ekologikoaren erdigunean kokatu behar baitugu. Soilik minbizien % 20-30 dago lotuta faktore familiar, genetiko edo arriskukoekin; beste guztien sorreran, airean, uretan, elikaduran, kosmetikoetan… zabalduta dauden substantzia toxikoek izango lukete zeresana, zeintzuek gure gorputzetan estrogenoen lekua hartuko luketen. Baina hori guztia erabat ezkutatuta gelditzen da diskurtso mediko eta mediatikoetan.

Doala nire errespetu osoa modan jarri diren minbiziaren kontrako maratoietan parte hartzen ari diren emakumeekiko, zerbait egiteko indarra erakusten baitute; baina ez dirudi beste barik korrika egiteko unean gaudenik, baizik eta gelditzeko, programen ebaluazio zorrotza eta informazio zabala exijitzeko eta gogoeta sosegatua egiteko. Hainbat ikerketak erakutsi dute ekintza horietan eskuraturiko dirutza, edo gaizki kudeatzen ari dela, edota tratamenduen ikerkuntzan inbertitzen ari dela, farmazia-enpresen onurak helmuga betiere. Aldiz, ingurumenarekin zerikusia duten faktoreak, garrantzitsuenak izanik, ez dira apenas ikertzen ari.

Ausardia behar da gure agintarien aldetik minbiziaren sorreran eragin zuzena duten elikagaien, kosmetikoen, uraren, airearen kutsaduraren kontrol irmoa egiteko. Ausardia, mamografiekin berdin jarraitu, ez jarraitu edo zer egin pentsatzen hasteko eta prozesu horretan emakumeekin kontatzeko. Ausardia, emakumeak, behingoz, izaki heldu gisara tratatzeko… Baina ez, ez du ematen ausardia denik gure ordezkari eta adituen jarrera, oro har behintzat. Beraiek ere, jabetuta edo ez, ideologia baten menpe baitaude. Gure presioa eta exijentzia da egoera honen norabidea aldatzera eraman dezakeen jarrera bakarra. Eta honetan optimismo edo konfiantza inozoak ez dira bidaide onak.

Urte askotako eskarmentuak irakatsi digu emakumeoi ezin dugula gure osasuna eta gure bizitza besteen (osasun profesionalen, adituen, senideen…) eskuetan utzi, nahiz eta beraiek borondate onena eduki edo profesionalik taxuzkoenak izan. Ez baita nahikoa borondatea edo profesional ona izatea sistema oso bati buruz ari garenean. Emakumeon unea heldu da, beraz.

Zeren zain zeuden galdetu zioten beren buruari Kataluniako Oncogrrrls-eko taldekideek. Eta zerbait egiten hasi ziren: mintegiak, tailerrak, performanceak, ekintzak… Eta gu? Zeren zain gaude gu? Zenbat bular gehiago ebaki, erauzi, medikatu edota irradiatu behar dituzte gu zerbait egiten hasteko?