Kataluniako erreferenduma

Ilusioa nazio osora zabaldu da

Erreferendumera Katalunian deitu den arren, oso gertutik erreparatzen ari zaizkio Herrialde Katalanetako gainontzeko lurraldeetan. Azken asteetako gertaerek euren prozesu subiranistetan izaniko eraginaz jabetu dira, bakoitzak «bere errealitate propioa» duela ahaztu gabe.

Ilusioa nazio osora zabaldu da.
Iosu Alberdi.
2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Kataluniako independentzia erreferenduma iganderako dago deitua.Deitzaileak aurrera doaz, azken asteetako gorabeheren ondoren. Herrialde Katalanak, ordea, Kataluniatik harago doaz: Perpinyatik Carxera, Valentziatik Alguerrera, Balear uharteetatik igarota. Eremu horietan ere, gertutik erreparatzenari zaizkio «printzerriko» prozesuari. «Kataluniarekin kontaktuan gaude une oro, alertan», dio ASM Mallorcako Biltzar Subiranistako presidente Cristofol Solerrek.

Arreta handiz ari dira begiratzen Katalunian gertatzen ari dena irletatik; bereziki, azken egunetako gertaerak. Ez dituzte begi onez ikusi erreferenduma geratzeko Madrilek agindutako atxiloketak eta miaketak. Solerrek ikusi du zuzenbide estatua «fikzioa» dela Espainian: «Batzuek bagenekien, baina orain uste dut gehiengoa konturatu dela».

Horren harira, mobilizazio ugari egin dira Herrialde Katalanetan, «errepresio egoera» salatzeko. Horien artean, Valentziakoa izan zen jendetsuenetako bat. «Valentzia hiriburuan erantzun epela espero arren, ordu gutxitan Alacant, Elx eta beste hainbat hiritara ere zabaldu zen», azaldu du Toni Infante PDaD Valentziako Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Plataformako koordinatzaileak. Infanteren ustez, bi arrazoi daude horren atzean: «Kataluniaren erabakitze eskubidea defendatzea eta Valentzian prozesu subiranista bizirik egotea».

Ipar Katalunian ere mugitu da gizartea. «Errepresioaren aurkako kontzientzia» piztu da, «independentziarekin ados egon edo ez». Han bizi da Aleix Renye kazetaria: «Ez nuen halako erreakziorik espero, nola irten den jendea kalera». Halere, Ipar Kataluniako ikuspegia gainontzeko Herrialde Katalanetatik aldentzen da, Renyeren ustez. «Estatuaren kontzepzio frantsesa dago hemen, eta, askorentzat, pentsaezina da estatuari era horretan aurre egitea», gehitu du. Ilusioa eta beldurra ikusten ditu kalean.

Kataluniako prozesuak abiadura bizkortu zuen duela urte batzuk, gainontzeko lurraldeetan zalantzak sortuz, desagertuz joan diren zalantzak. PDaDko Infantek ondorioztatu du Kataluniak independentziarako bere bidea abiatzean, hainbat sektorek Valentziakoa arriskuan ikusi zutela: «Denborak, ordea, ikaragarrizko aukera dela erakutsi digu». Katalunian sortutako «masa kritikoak» bigarren ate bat ireki du valentziarrentzat. Infantek hala ikusten du behitzat: «Espainiako Estatua inplosio egoera batean eror daiteke». Horrek valentziarrei estatuarekiko erlazioa erabakitzeko atea irekiko lieke, subiranisten ustez.

Antzeko ikuspegia dute Mallorcan, eta egungo prozesuak subiranotasun sentimenduaren «gorakada» eragin duela konturatu dira: «Horregatik gaude hasiera-hasieratik haien ondoan». ANC Biltzar Nazional Katalanaren, PDaDren eta ASMren arteko elkarlana sustatu dute horretarako, hiruren artean Kontseilu Federala osatuz: «Herrialde Katalanen osotasuna subjektu politiko ezberdinen batura da, urte luzetako lana eskatu duena, baina, praktikan, oso positiboa». Ez Infantek, ez Solerrek, ez dute zalantzarik lurralde bakoitzak «bere erritmo propioa» behar duela, baina elkarlana ezinbesteko ikusten dute nazio bakar baten barruan.

Politika eta identitatea

Valentzian eta Ipar Katalunian independentistek ezaugarri komun bat ikusten dute euren lurraldeetan; subiranotasuna ez da arlo politikora heldu. «Sentimendu soziala areagotu da azken urteetan, baina politikora iritsi gabe», Renyerentzat. «Estalirik dago, ez da politikoki lehertu oraindik», Infanterentzat.

Valentzian, subiranisten gehiengoak euren hainbat ideia bakarrik hartzen dituzten alderdien alde egiten dute hauteskundeetan, Infanteren ustez. Eta, Ipar Katalunian, berriz, indar subiranistek ez dute bozen %5 gainditzen, Renyeren arabera. Kontzientzia nazionala elkarte kultural eta mugimendu sozialetan kokatzen dela berretsi dute biek. Halere, Valentziako egoera Kataluniakotik oso urrun ikusi arren, Infantek argi du azkarrago heltzen ari dela: «Katalunian heltzea asko kosta zena ikaragarrizko abiadan doa Valentzian».

Balearretan bestelakoa da egoera, «printzerriaren» ondoren, politikoki abertzaletasun katalanak indar handiena duen lurraldea dira. «Alderdi politikoak ditugu, eta, gizarte zibilarekin batera, indarra hartu dute», azaldu du Solerrek. Aurreko legealdian ikusi zen katalan sentimenduaren indarra irletan. PPren gobernua hizkuntza politika aldatzen saiatu zen —Kataluniak duenaren antzekoa—, baina katalanaren defentsan irten zen jendeak aldaketa galarazi zuen. Hori izan zen, Solerren ustez, PPk irletako hurrengo hauteskundeetan gobernua galtzearen arrazoia.

PDaDk eta ASMk garbi dute Kataluniakoak euren prozesuei lagunduko diela. Infanterentzat, azken asteetan jendearen pertzepzioa aldatuz joan da Valentzian: «Kataluniakoa serio doala argi geratu da, eta jendearen pesimismoa pertzepzioa independentista bilakatu da». Valentzia «ahaldunduago» bat gertuago ikusten du. Irletan ere bide orri subiranista abiatzeko ezaugarri objektiboak sortzen ari direla ikusten du Solerrek: «Bakoitzak bere erritmoa du, baina printzerriko prozesuak abiadura areagotu du».

Kataluniako gizarte zibileko eragileek gainontzeko Herrialde Katalanak gogoan dituztela uste dute bi eragileek. «Orain, ordea, aurrera egin behar dute, ondoren horretaz hitz egiteko», dioASMko kideak: «Etorkizunean guri laguntzeko aukera izateko». «Halere, heldutasun politikoa izan behar dugu prozesua bere horretan ez kopiatzeko, errealitate ezberdinak baitira», gehitu du Infantek. Garbi dute «nazioa ez dela osorik egongo» alde guztiak batu arte, baina Kataluniaren independentzia prozesua ondo joatea desio dute: «Erreferentzia puntu bat izango da gainontzekoontzat».

Renyek ez du berdin ikusten, ez du uste behintzat hala eragingo duenik Ipar Katalunian. Ehunka dira mobilizazio bat egiten den bakoitzean Ipar Kataluniatik hegoaldera mugitzen direnak, baina ez du oso garbi prozesuan eurak kontuan hartzen ari direnik. Independentismoaren barruan bi adar ikusten ditu kazetariak: independentismo historikoa, «Herrialde Katalanen kontzeptu nazionala beti defendatuko duena», eta independentismo berria. Azken hori 2010.-2012. urteetan sortu zen, eta horrek eragozpen gisa ikusten du Ipar Katalunia: «Frantziar Estatua aurrez aurre ez jartzeko Generalitateak lehen ematen zituen laguntzak emateari utzi dio». Iparraldeko katalanezko hezkuntzari eta hedabideei emanikoak jarri ditu adibide gisa: «Independentziaz hitz egin aurretik bazeuden; orain, desagertu egin dira». Uste du Frantziak egunen batean independentzia onartzeko hainbat sektore Ipar Katalunia oraingoz albo batera uztearen aldekoak direla: «Zoritxarrez»

Autogobernu nahia

Hiru eremuetan garbi ikusi dute autogobernu maila areagotzearen aldeko indarra gorantz doala. Ipar Katalunian, horren aldeko mobilizazioak areagotu dira, Korsikaren erreferentzia hartuta. Betiere, oraingoz, Frantziako Estatuaren barruan mantentzea zalantzan jarri gabe, Renyerentzat. Valentziako eta Mallorcako independentistek, berriz, hitz bat errepikatzen dute: «espoliazioa». «Madriletik iristen diren politikek eragindakoa», azpimarratzen dute. Katalunian egin bezala, identitateari arlo ekonomikoa gehitzen diote lurraldeotan ere, beraz. Horregatik, jendarteak «prozesu demokratiko eta ireki baten» eta «estatu autoritario baten» arteko gatazka ikusi duela sinetsita daude. Subiranisten ustez, «balantza albo batera erortzen hasi da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.