Koronabirusa

Kutsatuak ziren 41 lagun hil dira astebetean Hego Euskal Herrian

Beste 571 positibo zenbatu dira. Osakidetzak txertaketa gune handien itxiera iragarri du

Kutsatuak ziren 41 lagun hil dira astebetean Hego Euskal Herrian.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Gorabehera handirik gabe, azken asteotako joerari eutsi dio birusarekin lotutako heriotzen gaineko kurbak Hego Euskal Herrian. Gaitzak jota hildakoen kopuruak aski puztua segitzen du; izurritearen bosgarren olatuaren goraldian erregistratutako datuen parekoa da. Zehazki, Hegoaldeko osasun sistemek argitaratutako informazioaren arabera, birusa zuten 41 pertsona hil dira astebetean, abuztuaren 23tik 29ra bitartean, hain zuzen ere. Alderatzeko, orain bi hilabete, ekainaren hondarreko astean, sei lagun zendu ziren gaitzak jota. Edonola ere, azken asteak izan dira pandemiak eztanda egin zuenetik heriotza gutxien izan diren aldiak. Tarteka kutsatzeak larriagotzen diren arren, txertaketa abiatu zenetik izurriak ez du lehen bezain nabarmen eragiten ospitaleetako presioan, ezta heriotzetan ere.

Zehazki, joan den astean Hegoaldean zendutako 41 pertsonetatik 11 Nafarroan hildakoak dira; gainerakoak, berriz, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan izandako kasuei dagozkie.

Birusaren transmisioari buruzko datuei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, herenegun 571 kutsatu zenbatu zituzten COVID-19a detektatzeko egindako testetan. Osakidetzak eta Osasunbideak 8.468 proba egin zituzten, eta, hala, %6,7 izan zen positiboen ehunekoa.

Halaber, datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian 226 kasu izan ziren; Nafarroan, 139; Gipuzkoan, 135, eta Araban, 65. Nafarroan atzemandako kasuetan sakonduta, aipagarria da kopuruak egun bakarrean izandako saltoa, bezperan 78 izan baitziren. Hain zuzen, Nafarroako Osasun Departamentuak jakinarazi du birusaren agerraldi bat izan dela herrialdean, Erriberan lanean ari diren sasoilari batzuen artean; herenegun zenbatutako 37 kasu langile horiei dagozkie.

Erietxeei so, asteartean 49 pertsona ospitaleratu zituzten. Guztira 364 paziente daude gaitzarekin erietxeratuta. Horietako 97 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira, larri.

Kanpainaren hondarretan

Abuztuko etenaren ondotik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik atzo heldu zien berriz ere Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen asteroko hitzartzeei. Sailburuak COVID-19aren kontrako txertaketa erritmoari erreparatu zion batik bat; azaldu zuen kanpaina azken pausoak ematen hasia dela, eta, gainera, aldaketa bat iragarri zuen: Osakidetzak txertaketarako erabilitako azpiegiturak berrantolatuko ditu aurki, eta itxi eginen ditu txertaketa gune handiak. Horien funtzionamendua «arrakastatsua» izan dela azpimarratu zuen sailburuak. Ordea, argitu zuen horiek martxan edukitzeak «ahalegin logistiko izugarri handia» eskatzen duela.

Sagardui baikortasunez mintzatu zen pandemia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izaten ari bilakaeraz. Dena den, erne jarraitu beharra aipatu zuen: «Itxaropena bai, zuhurtzia ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.