Mendia eta Txibite berriro aurkeztuko dira PSEko eta PSNko idazkaritzetara

Uztailaren 9an eta 16an egingo dituzte primarioak, hurrenez hurren. Ez dute beste hautagairik espero

enekoitz telleria sarriegi
2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Idoia Mendia PSEko idazkari nagusi izateko aurkeztuko da berriz, eta beste horrenbeste egingo du Maria Txibitek PSNn. Atzo jakinarazi zuten biek berriz egon nahi dutela karguan. Mendiaren arrazoiak: duela hiru urte «pauso bat aurrera ematea» erabaki zuela, eta orduan euskal militanteekin hartutako «konpromisoari» eutsi nahi diola. Maria Txibiterenak: «ilusioa eta gogoa» dituela, eta «hobetu» egin nahi duela orain arte egindakoa, «militantzia ahaldundu bat» edukitzeko. Erabakitzeke dituzte behin betiko egutegiak eta hautagaitzak, baina PSEren primarioak uztailaren 9an egingo lirateke eta eta PSNrenak uztailaren 16an. Mendiak-eta kongresua geroago nahi dute: irailaren 30etik urriaren 1era. Txibitek-eta azkarrago: uztailaren 29an.

Orain arte egin duten lana nabarmendu zuen atzo Mendiak Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Euskal politikaren «erdigunean» jartzea, eta, beste alderdiekin lortutako akordioei esker, «politika sozialistak» egitea euren meritua dela esan zuen; «oso gustura» dagoela EAJrekin lortutako gobernu akordioarekin. Uztaileko primarioei begira, berriz, norbaitek «proiektu hoberik» badu, jartzeko «mahai gainean».

Pedro Sanchezek PSOEren primarioetan lortutako garaipena «ezustekoa» izan da PSEren idazkari nagusiarentzat, eta esan zuen «pena» izan dela primarioen fase horretan «erreferenteak» galdu izana, «erreferente ziren askok» hautagai jakin baten alde «horren nabarmen» egin izana. Baina hemendik aurrerako bide orriak «batasuna» izan behar duela nabarmendu zuen, «hausturatik» osatu egin behar dutela.

PSOEren kongresua ekainaren 17tik 18ra egingo da, Madrilen, eta PSEk hara bidaliko dituen 30 ordezkariak etzi geldituko dira erabakita, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egingo diren batzarretan. PSNk, berriz, zortzi ordezkari bidaliko ditu kongresura. Horiek igandean bertan geldituko dira erabakita, Milagron (Nafarroa) egingo duten batzarrean.

PSNk batzorde exekutiboaren bilera zuen atzo Iruñean, eta iluntzean jakinarazi zuen ohar baten bidez Txibite berriro aurkeztuko dela. PSOEren primarioen balorazio «positiboa» egin zuen batzordeak, eta Sanchezen inguruan «elkarrekin» lan egitera deitu. Sozialista nafarren %73k egin zuen haren alde. Bidea leundu dio horrek Txibiteri. Ez da beste hautagairik espero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.