Elizaren sexu abusuen biktimei aitortza egiteko legearen tramitea hasi dute

Navarra Sumak ez beste guztiek onartu dute legearen tramitea hastea. Biktimen arretarako bulego bat sortzea jaso dute bertan, besteak beste

Zenbait kontseilari, eta goian, Navarra Sumakoak, bilkura batean. I. URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Gertatutakoa ikertu, biktimei aitortza egin eta egia azaleratu nahi dute legearen bitartez. Elizaren sexu abusuen biktimak aitortzen dituen legea tramiterako onartu zuten atzo Nafarroako Parlamentuan. Alderdi guztiek egin dute bat legea tramiterako onartzearekin, Navarra Sumak izan ezik. Mikel Buil Ahal Dugu alderdiko parlamentariak Navarra Sumaren jarrera salatu zuen: «Pena handia da, oinarrian denak ados baikaude; auzia hutsaltzen ari zarete».

PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k Nafarroako Parlamentuan erregistratu zuten lege proposamena, maiatzean; EH Bilduk eta Ezkerrak ere bat egin zuten. Besteak beste, proposatu dute Nafarroako Gobernuak biktimen bulego bat sortzea, ikastetxe erlijiosoetan abusuak jasan zituztenen testigantzak eta salaketak jasotzeko. Bulego horretan, batzorde batek banan-banan aztertuko du kasu bakoitza, eta espediente bat zabalduko du. Horren arabera erabakiko dute salaketa jarri duen pertsona biktimatzat aitortzen duten ala ez. Gainera, bulegoak txosten bat sortu beharko du testigantzekin eta salaketekin.

Biktimen ahotsa

Virginia Magdaleno PSNko parlamentariak azaldu zuen biktimei «ahotsa ematea» dela helburua, eta abusuak ikusgai egitea. Gehitu zuen legea «berritzailea» dela. Navarra Sumaren erabakia salatu zuen: «Albo batera geratu da, ez du parte hartu nahi izan, eta Madrilgo PPren jarrera atzerakoiari jarraitzen ari zaio».

«Legearen helburua da Elizan denbora luzez egindako abusu sistematikoen inguruan sentsibilizatzea eta biktimei justizia eskaintzea», azaldu zuen Buil Ahal Dugu-ko parlamentariak. Auzibidean jarritako abusu gehienak preskribatuta daude: «Lege hau egin dugu erasotzaileak ezin ditugulako legearen bidez epaitu».

Geroa Baiko parlamentariaren arabera, aurrerapauso «handia» da: «Legea errekonozimendura mugatzen da, baina biktimentzat urrats garrantzitsua da». Gaineratu zuen hori dela egin dezaketen gauza bakarra: «Gainerako ekintzak gure eskumenetik kanpo daude».

EH Bilduko kide Arantxa Izurdiagak esan zuen legea «beharrezkoa» dela, baina «eskasa» dela egia, justizia eta erreparazioa lortzeko: «Oreka bilatzen saiatu gara, segurtasun juridikoa bermatzeko eta biktimei itxaropen faltsurik ez emateko».

Maria de Simon Ezkerra alderdiko parlamentariak salatu zuen Elizaren aldetik «abusu moralak» ere izan zirela, sexu abusuak izateaz gainera: «Ez da Elizaren edo fededunen kontrako lege bat; gertatu behar ez ziren eta isilarazitako gertakari batzuk zuzentzeko da legea».

Navarra Sumak, kontra egiteko, esan zuen «gaizki» idatzita dagoela legea. «Alde guztietan abusuak kontuan hartzen dituen lege bat sortu nahi dugu elkarrekin», esan zuen Iñaki Iriartek. Navarra Sumako parlamentariakesandakoa kritikatu zuen Ahal Dugu-k: «Banalizatzen saiatu zara; Nafarroako egoeraz hitz egiteko inuit komunitatera jo behar izan duzu». Horrez gain, Navarra Sumak aipatutako «izaera txikiko» zuzenketen inguruan negoziatzeko eta gauzak adosteko prest agertu zen.

Nafarroako Gobernuaren izenean, biktimak aitortu zituen Maria Txibite presidenteak, herenegun ekitaldi batean, eta esan zuen gizartearen «lorpena» izan zela; elkarteei egindako lana eskertu zieten: «Urte luzez sufritu duten isiltasunarengatik biktimizazio bikoitza sufritu dute». Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilariak neurriak hartzeko eskatu zion Elizari: «Eliza ez da behar bezain ona izan; baztertu eta isilarazi baino ez ditu egin biktimak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.