Albistea entzun

Jaurlaritzak ratioak jaitsiko ditu hezkuntza etapa batzuetan

Unibertsitatez kanpoko eskolen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretua onartu dute
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, atzo.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, atzo. IREKIA Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2023ko martxoak 1

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarrita zeukan, eta atzo berretsi zuen: zenbait mailatan ikasgeletako ratioak jaitsiko ditu. Abuztuan jarri zuen jendaurrean unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretu proiektua, eta atzo onartu zuten gobernu kontseiluan. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak prentsaren aurrean xehatu zuen, bilkura amaitu berritan.

«Aldaketa nagusia» ratioena da, sailburuaren hitzetan. Eskola publikoetan, gutxieneko ratioak ez dituzte jaitsi; bai, ordea, ikasgelan gehienez egon daitezkeen ikasleen kopurua. Dekretuan jaso dutenez, LH Lehen Hezkuntzan eta Batxilergoan daude aldaketak: LHn, 25etik 23ra jaitsi dituzte ratioak; Batxilergoan, 30etik 27ra. Haur Hezkuntzan, orain arte bezala, gehienez hamazortzi ikasle egongo dira lehen zikloan, eta 23 bigarrenean. Dena den, Bildarratzek esan du sindikatuekin adostuta daukatela gehienez hogei izango direla bigarren zikloan eta horri eutsiko diotela. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, aldaketarik ez: gehienez 25 ikasle egongo dira gelako.

Itunpeko eskoletan, berriz, ikasgelak osatzeko gutxieneko ratioetan daude aldaketak; hau da, ikasle gutxiago dituzten ikasgelak osatu ahalko dituzte: HHn eta LHn, gutxienez hamazazpi ikasle eduki behar izan dituzte gela bakoitzean; aurrerantzean, hamahirurekin nahikoa izango dute. Gehienezko ratioetan ez da aldaketarik egongo: HHko lehen zikloan, hamazortzi; HHko bigarren zikloan, 25; LHn, 25; DBHn, 30; eta Batxilergoan, 35.

Aldaketa ez dute egun batetik bestera egingo. Ikastetxe publikoetan, datorren ikasturtean sartuko dira indarrean 3 eta 4 urtekoen geletan; 5 urteko umeen geletan, 2024-2025eko ikasturtetik aurrera; LHn, datorren ikasturtetik «pixkanaka» LH1en, LH3n eta LH5en; eta Batxilergoan ere «pixkanaka» 2024-2025eko ikasturtetik, lehenengo mailatik hasita. Zabaldu duten oharrean itunpeko eskoletarako eperik ez dute zehaztu.

Ratioena ez da izango aldaketa bakarra. Sailburuak azaldu duenez, ikasleen onarpen dekretu berriari jarraituz, dekretu horretan ere jaso dute ikasle zaurgarrientzako lekuak gorde beharko dituztela ikastetxeek. Gainera, «eskola maparen kontzeptu malguagoa» sartu dute.

Beste dekretu bat ere onartu dute gobernu kontseiluan, ikastetxe publikoetako zuzendaritza eginkizunetarako sarbidea, prestakuntza, ebaluazioa, aintzatespena eta kargu uzteak arautuko dituena. Dena den, Bildarratzek ez du xehetasun gehiago eman; bihar emango du horren berri, prentsaurreko batean. BERRIAk irailean eskuratu zuen dekretuaren zirriborroa: zuzendari postuan zortzi urte pasatzen dituzten eskola publikoetako zuzendariek urtebetean irakaskuntzan ez aritzea proposatzen du.

Legea noizko?

Dekretuez harago, Hezkuntza Legea ere izan du hizpide Bildarratzek. Esan du martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran onartuko dutela gobernu kontseiluan. Behin tramite hori pasatuta, Eusko Legebiltzarrera igorriko dute. Adierazi du bertan legealdia bukatzerako onartuko dutela, hauteskundeengatik bi geldialdi egongo badira ere,

Aurrematrikulen datuak ere eman ditu, behin-behinekoak. 2023-2024ko ikasturterako 2 urteko 12.106 haurren eskaerak jaso dituzte, aurtengo baino %4,1 gehiago. Sailburuak igoeraren arrazoia izan daitekeena eman du: uste du COVID-19agatik zenbait familiak erabaki zutela haurrak ez zituztela eskolatuko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Gorka Rubio /  FOKU

Eskola publikoko eragileek «ezezko borobila» eman diote legeari kalean

Irati Urdalleta Lete

Euskal Eskola Publikoaz Harro-k deituta, manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Gaitzetsi dutenez, Hezkuntza Lege proiektuak ez du eskola publikoa sistemaren «muinean» jartzen
Sorionekuak egitasmoaren agerraldia, Iruñeko Basotxo kalean. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Eskura nahi dute euskara

Ion Orzaiz

Iruñeko kaleak hartzera deitu du Sorionekuak egitasmoak, «euskararen etorkizunari ongietorria egiteko». Arratsaldeko manifestazioaz gain, egun osoko festa prestatu dute gaurko.

Bilboko itsasadarra. ©Bilboko Udala.

Gizonezko baten gorpua aurkitu dute Bilboko itsasadarrean

Berria

10:20 aldera aurkitu dute hilotza. Bilboko Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz?

Lausotasunak ilundutako asmoak

Jone Bastida Alzuru

'Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz?'. Galdera horri erantzuten saiatu dira Idurre Eskisabel, Asier Etxenike eta Iratxe Retolaza.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.