Nekane Txapartegi aske da, Auzitegi Nazionalak auzia preskribatutzat jota

Suitzan zegoen preso iazko apiriletik. Auzitegi Nazionalak dio 18/98ko zigorrak preskribatu duela

enekoitz telleria sarriegi
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Nekane Txapartegi asteasuarra (Gipuzkoa) aske gelditu da. Espainiako Auzitegi Nazionalak preskribatutzat eman du hari egotzitako delitua, eta, horrenbestez, bertan behera gelditu da haren kontra Espainiak egin eta Suitzak onartutako estradizio eskaria. Iazko apiriletik zegoen Txapartegi behin-behinean preso, Zurichen (Suitza).

18/98 sumarioan epaitu eta zigortu zuten Txapartegi (2009), eta sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, «ETArekin kolaboratzeagatik». Espetxeratu aurretik egin zuen ihes, ordea, eta iazko apirilean atxilotu zuten Suitzan. Joan den otsailean, haren defentsak jarritako helegitea aintzat hartu, eta zigorra murriztu zion Espainiako Auzitegi Gorenak: hiru urte eta sei hilabetera, «larritasun gutxiagoko» delitua izaki —Zigor Kodeko 579 bis 4 artikuluan oinarritu zen epaimahaia horretarako—. Espainiako Auzitegi Nazionalak orain dio era horretako delituek preskribatu egiten dutela zigorra ezarri eta bost urtera. Horrenbestez, baliorik gabe gelditu ziren Txapartegiri jarritako zigorra, haren kontrako estradizio eskaria, eta hura bilatu eta atxilotzeko agindua. Nola Espainiako Gobernuak hala Txapartegiren defentsak dokumentazio hori guztia Suitzaren esku utzi zuten atzo, eta hura aske uztea izan behar zuen hurrengo urratsa. «Urte eta erdi darama espetxean bidegabeki», salatu zuen atzo haren abokatu Oliver Peterrek, aske utzi aurretik.

1999an atxilotu eta espetxeratu zuten Txapartegi. Salatu zuen torturatu egin zutela, eta atxilo zegoenean eginiko deklarazioetan oinarrituta zigortu zuen Auzitegi Nazionalak. Tortura salaketei sinesgarritasuna aitortu zioten joan den apirilean bi psikiatra adituk: Onder Ozkalipei eta Thomas Wenzel. Istanbulgo Protokoloa erabilita ondorioztatu zuten inkomunikatuta egon zen hamar egunetan torturatua izan zela.

Libre

Tortura salaketa horiek oinarri hartuta, asilo eskaria ere egin zuen Txapartegik, atxilotu zutenean. Ukatu egin zion, ordea, Suitzak, eta haren senitarteko eta lagunak beldur dira ez ote zuten Suitzatik kanporatuko. Atzo iluntzean elkarretaratzea egin zuten haren babes taldekoek, Asteasun (Gipuzkoa), egoeraren berri emateko. Eta iluntzean jakin zenez, espetxetik atera zen, azkenean, libre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.