Iraungitako edo luzatutako itunak dituzte oraindik ere langileen %61ek

LHKren arabera, batez besteko lan kostua zerbait hazi da, lehen aldiz 2013 urteaz geroztik

Irune Lasa.
2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Lan Harremanen Kontseiluak bere azaroko txostenean euskal ekonomiaren bilakaera ona berretsi du. Horrela, LHKren eskumeneko herrialdeetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan produkzioak eta industria prezioek gora egin dute, langabezia jaitsi egin daeta Gizarte Segurantzako afiliazioa igo. Batez besteko lan kostuak ere igoera txiki bat izan du azaroan, %1,1 hazita. Lehen hazkundea da 2013. urteaz geroztik, eta soldatetan, batez beste, igoeratxoren bat izan denaren adierazle. Dena den, aldagai horrek urte betean metatutako igoera ia hutsala da: %0,2.

Soldaten bilakaerari begira, erreferentzia egokia izan daitezke bitarte honetan hitzartu diren itun kolektiboak. Baina, egia izan, azaroan ez dira akordio asko lortu negoziazio kolektiboan. Guztira, 27 hitzarmen erregistratu dira joan den hilean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 23 enpresa mailakoak izan dira, 3.204 langileri dagozkienak. Sektorekako hitzarmenei dagokienez, Araban sinatu da hitzarmen bakarra, eta EAEn eragina duten beste hirusektore hitzarmen estatu eremutik iritsi dira. Lau itunek, orotara, 927 langileren baldintzak ezarri dituzte.

Soldata igoerei so, 2017an indarrean dauden hitzarmenetako soldata igoera %1,45ekoa izan da orain arte. Igoera hori handitxoagoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan negoziatutako hitzarmenetan (%1,55), estatu eremutik iritsi direnetan baino; azken horietakoa %1,32 izan da. Kopurua murriztuz joan bada ere, oraindik ere nabarmena da zenbat langile dauden iraungitako edota indarraldi luzatuko itunekin, ia 350.000. Horietatik 111.000 beharginek dituzten hitzarmen iraungiak. Hiru herrialdeetan, langileen %39k soilik dute indarraldi arrunteko hitzarmena.

Istripu hilgarri gutxiago

Lan istripuei dagokionez, azken hamabi hilabeteetan iazko epe berean baino zazpi heriotza gutxiago izan dira lanean ari ziren beharginen artean. Hildako pertsonen kopurua handia da, hala ere: 24 langile hil dira beharrean ari zirela iazko azarotik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, horietatik bi azken hilabetean. Hori bai, lan istripuen zenbatekoa handitu egin da iaztik, %7,4. Eta are gehiago hazi da istripu larrien kopurua ere, %14,1. Hiru herrialdeetan 145 langile zauritu dira larri lan istripuren batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.