Baionan diren 21 iheslari Italiara mugituak izateko arriskuan dira

Han asiloa ematen ez badiete Libiara eramango dituztela ohartarazi du Etorkinekin kolektiboak

Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Baionan CAO orientazio zentroan diren 25 iheslarietatik 21 datozen egunetan Italiara mugituak izateko arriskuan direla jakinarazi du Etorkinekin kolektiboak. Dublingo Itunari jarraikiz, Europarako sarbidea izan duten herrira estraditatuak izan daitezke, beraz. Araudi horren arabera, han soilik egiten ahalko dute asilo eskaera. Beste laurek, berriz, Lapurdiko hiriburuan segitzen ahalko dute.

Asteartean Pauera (Okzitania) eramango dituzte, eskualdeko asilo eskaerak kudeatzen dituen PRADA plataformara, prozedura hasteko. Han, bizileku bat zehaztera behartuko dituzte, eta, bigarren fasean, lekualdatze ordena jakinaraziko diete. Ordutik hiru egun izango dituzte bide judizialen bidez errekurtsoa jartzeko. «Hipotesi hori lantzen ari gara, eta Paueko abokatuak han izango dira», azaldu du Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko bozeramaileak. Epaia Paueko administrazio epaitegiak emango du orduan. Bien bitartean, polizia etxera egunean bi aldiz izenpetzera joan beharko dute iheslariek; «askatasuna galduko dute orduan», salatu du bozeramaileak.

Sei hilabetez irauten ahalko du egoera horrek, Frantziak epe hori izango baitu 21 errefuxiatuak Italiara mugitzeko. «Badakigu Italian asilo eskaera oso gutxi onartuak direla, eta Libian bukatzeko aukera handia dutela. Eta badakigu Libian zein den etorkinen egoera: berrikitan ikusi ahal izan dugu. Beraz, bai, oso kezkatuak gara».

Hainbat ekitaldi ezarri dituzte jada 21 errefuxiatu horien egoera salatzeko. Gaur bertan, Euskal Elkargoaren bilkura baliatuta, interpelatze lan bat egingo dute Etorkinekin kolektiboko kideek. Besteak beste, hautetsi bakoitzari gutun ireki bat emango diote eskura, iheslarien aldeko posizioa har dezaten. Bestalde, 15:00etan, Baionako herriko etxearen aitzinean, Dublingo araudiari ez! Ongi etorri errefuxiatuak! lelopean Ipar Euskal Herriko Antifaxista taldeak elkarretaratzera deitu du. «Norbanakoari bertara joateko deia egiten diogu», azaldu du Fontangek. Astearterako ere, errefuxiatuak Baionako tren geltokitik Pauekora joaten direnerako, bilkurara deitu du Etorkinekin kolektiboak. Han, agurra emango diete iheslariei; aurreskua dantzatu, eta kaira arte lagunduko dituzte. Ondoren, manifestazioa suprefeturara abiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.