Hegoaldeko saihesbidea ez luzatzeko eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari

Lehen fasearen bigarren zatiko lanak iragarri dituzte. Obren aurkako plataforma bat sortu dute, eta, besteak beste, gastuaz ohartarazi dute

Kamioiak Bilbo hegoaldeko saihesbidean, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
«Gizarte, ekonomia eta ingurumen aldetik aztertuta, lanak justifikatzea ezinezkoa dela deritzogu. Ez dago bide azpiegitura gabeziarik, baizik mugikortasunaren eta lurralde eta hirigintza planifikazioaren kudeaketa arazo larri bat». Hala salatu du Ekologistak Martxan-eko kide Juan Pallaresek. Horregatik, Bilboko hegoaldeko saihesbidearen 1-b fasea eraikitzeko asmoa bertan behera uzteko eskatu diote Ampliacion Supersur Ez plataformako kideek Bizkaiko Diputazioari.

Eraikiko den zatiak 4,2 kilometro izango ditu, hau da, 1-a faseko Peñascaleko ordainlekutik Betelura iritsiko da. Besteak beste, Arnotegi mendiaren azpitik igaroko den tunel bat eta Bolintxu ibaiaren gainetik pasatuko den zubibide bat izango ditu. Diputazioak iragarri du 200 milioi euroko aurrekontua izango duela. Hau da, 47,6 milioiko gastua izango du kilometro bakoitzak.

Atzo aurkeztu zuten plataforma, Bilbon, eta, Ekologistak Martxan-ekin batera, beste hainbat talde ekologistak eta auzo elkartek osatu dute. Iragarri dute gero eta ekintza gehiago egingo dituztela, indarra hartu ahala.

Erabilera eta ingurumena

Pallaresek esan du Bizkaiko Diputazioaren garraio politikak «kontraesanean» daudela tokian tokiko administrazioen ahaleginekin. Besteak beste, hauek aipatu ditu: Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana, Agenda 21, eta hiri barruko kaleetan abiadura muga orduko 30 kilometrora jaistea. «Bere politiken ardatza garraio eskaeran ipini beharrean, azpiegituretara bideratzen ditu inbertsioak», ohartarazi du.

Era berean, azpimarratu du eginda dagoen zatiak ez dituela bete saihesbiderako aurreikusi ziren helburuak: «2016an diputazioak emandako datuen arabera, erabilera ez da iristen esperotakoaren %50era». Beraz, ukatu egin du AP-8ko auto ilarentzako alternatiba izan dela. Ohartarazi du Bilbo Handiko errepideetan apaldu egin dela ibilgailuen joan-etorria: 2016an, 2011n baino 5.326 gutxiago izan ziren.

AHT Geldituko Manu Imazek ingurumenean ipini du arreta. Esan du Pagasarri magalean dagoen Bolintxu haranean «ondorio kaltegarriak» izan ditzakeela azpiegitura berriak. «Udalbatzak aho batez onartutako Pagasarriko Plan Bereziak babestu beharreko inguru gisa definitzen zuen Bolintxu, bertako floraren eta faunaren ezaugarriengatik. Zubibideak eragingo dituen ondorioak nabarmenak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.