Kataluniako Gobernua Bruselatik gidatzea proposatu du Puigdemontek

Otsailaren 18an inbestidura sinbolikoa egingo lukete Belgikan, eta 20 edo 21ean Bartzelonan

mikel rodriguez
2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
La Vanguardia egunkariak atzo filtratu zuen agiri baten arabera—JxC Junts Per Catalunyak CUPi bidalitakoa—, Carles Puigdemontek hilaren 18an Bruselan inbestidura saio sinboliko bat egitea proposatu du. Horren ondotik, hilaren 20an edo 21ean alderdi independentistak Kataluniako Parlamentuan saiatuko lirateke inbestidura saioa egiten, eta, legez ezinezkoa dela ikusiz gero, JxCko bertze hautagai bat proposatuko lukete. Oriol Junqueras ERCko buruak joan den astean egindako proposamenaren antzekoa litzateke plan hori, baina alderdi independentistek ez dituzte planak argitu, eta egoera nahasia da oraindik. Elsa Artadi JxCko diputatuak atzo erran zuen akordioa «berehalakoa» zela, baina ERCk eta CUPek ukatu egin zuten. Parlamentuko abokatuek ez dute argitu berriz ere hauteskundeetara deitzeko epea urtarrilaren 30etik hasita ote dagoen; hortaz, de facto, egoera politikoak blokeatuta jarraitzen du.

JxCren lehenbiziko asmoa da Presidentetza Legea erreformatzea. Lege hori irakurketa bakarrean erreformatu beharko lukete, baina, prozedurarako zailtasunak aurreikusten dituztenez, B plan gisa proposatu dute Bruselako inbestidura sinbolikoa eta, ondoren, parlamentukoa, Puigdemont ez den hautagai bat onartzeko aukera eta guzti. Dena den, ahalmen exekutiboa Bruselako gobernuak izanen luke (Errepublikaren Kontseiluak), eta Bartzelonakoak, berriz, rol sinbolikoa.

ERCk Kataluniako hedabideei jakinarazi die «zail» ikusten dutela JxCk proposatu duen lege erreforma egitea. Datari buruz, ez du deus erran. «Akordioa dugu lehentasun, ez data», adierazi du Sergi Sabria bozeramaileak. CUP, berriz, lehenbiziko aldiz prest agertu da Puigdemont ez den bertze hautagai bat presidente egiteko. Dena den, Nuria Gibert diputatuak erran du «gertuago» daudela «JxCtik ERCtik baino». Rogert Torrent parlamentuko presidentea Estremerako espetxera joanen da gaur, Junqueras, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart bisitatzeko.

Helegitea 155.ari

Auzitegiek, berriz, bi berri nagusi eman zituzten atzo. Alde batetik, Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu zuen Kataluniako Parlamentuak 155. artikuluaren ezarpenari paratutako helegitea. Bertzetik, Bartzelonako epaile batek bi polizia inputatu ditu iragan urriaren 1eko oldarraldiengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.