Eusko Legebiltzarrak ez du lortu ETAren aurka agiri instituzional bat adostea

EH Bildu ez da batu legebiltzarrak ETA «gaitzesteko» onartutako testura. EAJ, PSE-EE, EP-IU, PP-C's eta Voxen babesa izan du proposamenak

Biktimen aldeko suontzia piztuta, atzo, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
ETAren jarduera armatuaren amaieraren hamargarren urteurrena gogoratzeko, atzo Eusko Legebiltzarrean goizean goizetik piztu zuten suontzia eraikinaren atarian, biktimak gogoan hartzen dituen Gauerdiko iparrorratza oroitarriaren ondoan. Bitartean, barruan, osoko bilkura hasi baino lehenago, bilera egin zuen Bozeramaileen Batzordeak, eta han, besteak beste, ETAren indarkeria gaitzesteko PP+Ciudadanos koalizioak aurkeztutako adierazpen instituzionalerako proposamen bat mahai gainean izan zuten.PP-C´s koalizioaren testuaren ordez beste agiri alternatibo bat aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk, eta horren alde agertu ziren Elkarrekin Podemos-IU, PP+C's eta Vox. EH Bilduk, ordea, ez zuen sinatu, eta, erabateko adostasunik ez zenez egon, ezin izan zuten onartu ETAren aurkako adierazpen instituzionalik.

Eusko Legebiltzarreko araudian zehaztua dator adierazpen instituzional bat onartzeko ezinbestekoa dela talde politiko guzti-guztien adostasuna. Hau da, aho batez adostu behar dira agiriak Eusko Legebiltzarrak adierazpen instituzional modura onartu ahal izateko, bai eta Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak bilkuran irakurri ahal izateko ere. Atzo ez zen halakorik gertatu: EH Bilduk ez zuen testua espresuki babestu nahi izan, eta, beste behin ere, indarkeriaren inguruko jarrera bateraturik ez zen izan legebiltzarrean.

EH Bildu ez gainerako taldeen babesa jaso zuen testuaren bidez, Eusko Legebiltzarrak «irmoki arbuiatzen» du ETAren indarkeria, babesa agertzen die biktimei, argi eta garbi dio min horrek ez zuela gertatu behar, eta azpimarratu du garai berriak eskatzen duela «erantzukizunak bere gain hartzea eta eragindako kaltea aitortzea».

Eragindako kaltea aitortu

Hiru puntu ditu Eusko Legebiltzarrak onartutako dokumentuak. Aurrenekoak dio legebiltzarrak «irmo gaitzesten» duela ETAk lau hamarkada luzetan sortutako «zentzugabekeria eta bidegabekeria», eta salatu egiten du helburu politikoak lortzeko «indarkeriaren zilegitasunik eza». ETAren biolentziaren biktima orori ere elkartasuna adierazi die: «Gure babesa eta laguntza basakeria hori jasan zuten biktima guztiei. Min horrek ez zuen inoiz gertatu behar». Halaber, idatziak dio ETAk «kalte konponezina» egin duela eta, etorkizunera begiratu nahi bada, ezin direla bazterrean utzi biktimen «oroimena eta ohorea».

«Hamar urte hauek indarkeria terroristarik gabe igaro ondoren, gizarte askeago, bidezkoago eta giza eskubideekiko errespetuzkoago batean bizi gara». Horrela dio Eusko Legebiltzarraren gehiengoak onartutako adierazpenaren bigarren puntuak. Aurrera begira, baina, oraindik «lana» egiteko badela azpimarratu dute testua babestu duten bost talde parlamentarioek. Diotenez, garai berri honek eskatzen du «erantzukizunak bere gain hartzea eta eragindako kaltea aitortzea», eta etorkizuna eraiki nahi bada «iraganeko orrialde guztiak ongi irakurri» beharko direla.

Era berean, bizikidetza «egia, oroimena eta justizia» oinarri hartuta eraikitzeko konpromisoa agertu du legebiltzarrak. Honela dio hitzez hitz puntu horrek: «Hausnarketa plurala sustatzeko lan egingo dugu, argi eta garbi adierazita gera dadin ez dagoela argudiorik —ez gatazkaren testuinguru edo teoriarik, ez aurkako bandoei buruzko tesirik, ez bestelako salaketarik, ez estatu-arrazoirik, ez etorkizunaren nagusitasunik— ETAren indarkeria minimizatu, justifikatu edo legitimatzeko, ez eta giza eskubideen beste edozein urraketa ere».

Hirugarren puntuak, berriz, etorkizunari so egiten dio, hura «guztion artean» eraikitzeko konpromisoa agertuta. Etorkizuna eraikitzeko engaiamendu hori pertsona ororen giza eskubideak, sinesmenak eta ideak errespetatuz hartu behar dela dio testuak, «inor atzean utzi gabe».

Horrez gain, ezberdinen arteko elkarrizketa eta «enpatia» sustatzeko eta elkarlana bultzatzeko prest agertu dira talde sinatzaileak: «Indarkeriaren zikloa amaituta, ahalegin guztiak egingo ditugu bizikidetza oinarri baten gainean berreraikitzeko: pertsona guztien giza duintasuna eta giza eskubideen errespetua».

«Lubakiak» sortu

Bozeramaileen Batzordea amaitu ondoren, EH Bilduk adierazi zuen ez zuela asmorik testuari buruzko «aldeko edo kontrako» jarrerarik agertzeko. Edonola ere, adierazpen instituzionala sustatu zuen PP+C's koalizioari leporatu zion haren helburua ez dela izan «adierazpena, akordioa eta zubiak eraikitzea; konfrontazioa, lubakiak eta gaiaren erabilera alderdikoia egitea baizik». Gogorarazi zuen, halaber, Voxekin batera ez duela ezer sinatuko.

Carlos Iturgaiz Eusko Legebiltzarreko PP+Cs taldeko presidentearen ustez, ordea, adierazpena babestu ez izanak agerian uzten du «faltsua» zela EH Bilduk joan den astelehenean ETAren biktimei zuzendutako mezua. Iturgaizen ustez, EH Bilduk «arkume mozorroa kendu du, eta otso mozorroa jarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.