Koronabirusa. Alemania eta Austria

«Sendatuta, txertatuta ala hilda» negua amaitzerako

Alemanian, neurri zorrotzak aztertzen ari dira, kasuen ugaritzeari erantzuteko; tartean, txertoa hartzera derrigortzea. Austriak itxialdia hasi du

Herritarrak kalean, Alemaniako Bremen hiriaren erdigunean, azaroaren 6an. FOCKE STRANGMANN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Egoera «dramatikoa» dela uste du Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrak, ZDE herrialdeko telebista publikoak CDU alderdi kristau-demokrataren barneko iturriak aipatuz adierazi duenez. Agintariak alderdiaren bilera batean ohartarazi zuen, atzo, COVID-19aren kutsatzea moteltzea lortzen ez badute «orain arte ezagutu gabeko egoera bat» paira dezakeela Alemaniak. Ohartarazpen argia egin zuen publikoki Jens Spahn jarduneko Osasun ministroak: «Ziurrenik, negu honen amaieran, zinikoki esan den bezala, txertatuta, sendatuta ala hilda egongo dira herritar guztiak». Birusaren delta aldaerarekin hori «oso-oso probablea» dela esan, eta txertatzera deitu zituen biztanleak.

Alemaniarena da txertoa hartutako herritarren ehunekorikapalenetakoa Europan: %68. Gobernua kezkatuta dago herrialdea gaur-gaurkoz ez delako gai koronabirusa geldiarazteko. Intzidentzia tasa 386koa da 100.000 biztanleko. Duela hilabete eskas, 85ekoa zen. Egoera horretan, neurri zorrotzak hartzeko aukera aztertzen ari dira; horien artean, txertatzea derrigorrezkoa bihurtzeko aukera.

Berlingo Charite unibertsitate klinikako ikerlariburu Leif Erik Sanderrek dioenez, halako neurri batek ez luke izango eraginik hurrengo asteetan, zeinak erabakigarritzat jotzen dituen. «Orain, laugarren olatua eragoztea izan behar da helburua, eta txertoa derrigorrezkoa izateak ez du hori lortuko». Harremanak gutxitzea eta txertoen errefortzuak dira orain «gakoa». Dena den, txertatzeko «betebehar morala eta solidarioa» nabarmendu du, ez delako «erabaki pertsonal bat».

Robert Koch institutua ere ez da txertoa hartzera derrigortzearen aldeko, printzipioz. Ezezko horri ñabardura egin dio institutuko presidente Lothar Wielerrek. ZDF kate publikoari adierazi dionez, «azken aukera» izan behar du. Argitu du «beste ahalegin guztiak egin badira» Osasunaren Mundu Erakundeak derrigortasuna aztertzea gomendatzen duela.

Austriak jada egin du urrats hori. Estatu horretako herritarrentzat, derrigorrezkoa izango da txertatzea datorren otsailaren 1etik aurrera. Berehalako beste neurri bat ere hartu du: itxialdia hasi zuten atzo herrialde osoan, koronabirusaren laugarren olatua eragozteko. Abenduaren 12ra arte, herritarrek mugatua izango dute etxetik irteteko aukera; lanera edo ikastetxera joateko, ariketa egiteko edo oinarrizko produktuak erosteko atera ahal izango dira soilik. Jatetxeak eta museoak berriro ere itxita daude Austrian, eta kultura ekintzak eta ikuskizunak etenda.

Europako Batasuneko estatuetan COVID-19aren kontrako txertoak eskuragarri daudenetik, itxialdia ezarri duen bigarren herrialdea da. Letoniak neurri bera hartu zuen urriaren 21ean, kutsatzeen gorakada geldiarazteko.

Austriak 1.102 kutsatu atzeman ditu 100.000 biztanleko azken zazpi egunetan, eta, zenbait eskualdetan, COVID-19ak jotako gaixoz bete dira erietxeak. Ondorioz, ebakuntza eta tratamendu ugari atzeratu behar izan dituzte. Alemaniaren proportzio antzekoa du txertatutako herritarrei dagokienez: %66.

Gobernuak hartutako neurriek herritar asko haserretu dituzte, eta larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Vienan, FPO eskuin muturreko alderdiak deituta. Manifestazioak izan ziren Bruselan eta Herbehereetako zenbait hiritan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.