Euskaltegian izena eman eta euskara «erdigunean» jartzera dei egin du AEK-k

Datozen asteetan matrikulazio kanpaina «handi» eta «aktibo» bat abiatuko dute. Azken ikasturtean %5 igo zen matrikula kopurua

AEKren ikasturte berriaren aurkezpena, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina martxan jarri zuen atzo AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak. Dagoeneko eman daiteke izena urrian hasiko den ikasturterako. «Euskara ikasteko garaia berriz hemen dugu, euskara maila hobetzeko eta euskara erabiltzen jarraitzeko», adierazi zuen Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako aurkezpenean, Bilbon.

Datozen asteetan kanpaina «aktibo eta handi» batean murgilduko direla adierazi zuen Iribarrenek. Kanpainaren euskarri grafikoetan euskara hitza modu ausart eta nabarmenean islatu nahi izan dute, euskara foku guztietan jartzeko: «Euskara erdigunean jarri behar dugu, guztion eskura, ahalik eta herritar gehien euskaltegietarako bidean jartzeko».

Azken urteetan, matrikulazioa gora egiten ari zen etengabe. Pandemiak zertxobait apaldu zuen. Hala ere, egoera zail horretan euskara ikasi eta hobetu nahi duten herritarren gogoak hortxe dirauela azaldu zuen koordinatzaile nagusiak: «Azken bi urteetan arrakasta handiz egin ditugu ohiko ikastaroak, milaka lagunekin batera». Azken ikasturtean, matrikulazioak berriro egin zuen gora: %5, aurreko urtearekin alderatuta.

Iribarrenek irakasleen profesionaltasuna eta berotasuna gogoratu nahi izan zituen: «Ikasleek bidelagun onenak izango dituzte, AEK-ko irakasleak, ikasprozesuan aurrerantz egin dezaten eta euskara pasio handiz ezagutu eta erabil dezaten». Zuriñe Eguskizak 21 urte baino gehiago daramatza AEKn irakasle lanetan. «Sartzearren sartu nintzen, eta beste mundu bat deskubritu nuen», nabarmendu zuen Eguskizak. Lankideen arteko harremana oso erraza dela esan zuen: «Ez gara lankideak; lagunak gara». Ikasleak ere oso ondo konpontzen direla azaldu zuen, antzeko helburuekin hurbiltzen direlako euskaltegietara: euskara ikastera, jendea ezagutzera eta ondo pasatzera.

Simona Sobotovicova AEK-ko ikaslea da. Lau urte daramatza euskara ikasten. «Nire senarra hemengoa da, eta nire semea ikastolan dago; bera laguntzeko eta kultura hobeto ezagutzeko hasi nintzen euskara ikasten», azaldu zuen emakume eslovakiarrak. Hasieran «zaila» iruditu zitzaiola adierazi zuen, baina orain moldatzen da. «Gehien kostatzen zaidana mintzapraktika da», aitortu zuen. Lau urte hauetan klaseko giroa ona izan dela azaldu zuen, bai ikasleekin, bai irakasleekin.

Euskara ikasteko aukerak

AEK-k euskara presentzialki nahiz online ikasteko aukera eskainiko du. Biak uztartzeko aukera ere egongo da. Horrez gain, autoikaskuntzarako aukera ere egongo da, euskaltegian zein etxean. Eredu konbinatuak aurrez aurreko eskola eta autoikaskuntza uztartuko ditu. Foruko barnetegia, Urdaibaiko biosfera erreserban kokatuta dagoena, urte osoan egongo da zabalik.

Erakunde askok ematen dituzte diru laguntzak euskara ikasteko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, B2ra arteko prozesua doakoa da, maila egiaztatuz gero. Aurten, C1 mailarako prozesua ere doakoa izango da, maila gaindituz gero ere bai, 30 urtetik beherakoentzat. Nafarroan, diru laguntzak handitu egin dituzte, eta Iparraldean ere diru sail bat bada. «Garrantzitsua da herritarrek aukera horiek ezagutzea, euskarara eta euskaltegietara hurbiltzeko ezinbesteko osagaia baitira», azpimarratu zuen koordinatzaile nagusiak.

AEKn izena ematen duen ikasle orok Aizu! aldizkaria doan jasoko du hilero euskaltegian bertan, eta hainbat aukera eta deskontu izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.