Euskal Elkargoak okzitanieraren aldeko politikak abiatuko ditu

Larunbatean bozkatuko dute egitasmoa: 50.000 euroko aurrekontua du. Hiztun kopurua %5 inguru da Aturri ibaiaren inguruan
Karrere, Etxegarai eta Arrabit, atzo goizean, Euskal Elkargoaren egoitzan, Baionan.
Karrere, Etxegarai eta Arrabit, atzo goizean, Euskal Elkargoaren egoitzan, Baionan. BOB EDME

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko martxoak 14
«Adishatz a tots». Kazetariak okzitanieraz agurtuz abiatu zuen agerraldia, atzo, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. Okzitanieraren hizkuntza eta kultura politikarako proiektu proposamena aurkeztu zuen, Beñat Arrabit hizkuntza politikaren lehendakariordearekin eta Bruno Karrere kultura politikaren lehendakariordearekin batera. Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Akitania Berria Eskualdea, Okzitanieraren Erakunde Publikoa eta Okzitandar Erakundearekin osagarritasunean pentsatu duten proiektua larunbateko elkargo batzarrean aurkeztu eta bozkatuko dute; 50.000 euroko aurrekontua izatea proposatzen dute.

Euskal Elkargoaren eremuan okzitanierak leku handia izan duela azpimarratu zuen Etxegaraik. «Baiona okzitanoa zen euskalduna izan aitzin. Anitzek ez dakite, baina gaur egun frantsesez erabiltzen ditugun hitz andana bat okzitanieratik eratorriak dira. Hori da gure lurraldearen indarra: hizkuntza eta kultura mestizaje hori, aldi berean bata eta bestea izatea».

Hiru helburu nagusi izanen ditu Euskal Elkargoak abiatu nahi duen politikak: hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa lehenik, haurtzaindegi eta aisialdi zentroetan esku hartzeak babestu, eta irakaskuntza elebidun eta helduen formakuntza eskaerak dagozkien erakundeei bideratuz. Hizkuntzaren hedapenean ere indarrak eginen dituzte, elkargoaren komunikazio euskarrietan eta seinaleetan hizkuntza biziarazi, eta herriei eta elkarteei laguntza eskainita. Azkenik, kultur garapena sustatuko du elkargoak, artistak haien sorkuntzetan lagundu, eta tokiko eta beste lurraldeetako eragileekin harremanetan ezarriz.

Okzitanieraz arduratuko den teknikari bat lanean hasia da Euskal Elkargoan, eta, azken asteetan, lurraldearen diagnostikoa egiten aritu da. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 2018an egindako inkesta soziolinguistikoa hartu dute oinarritzat. Aturri ibaiaren inguruko hamabost herritan egindako ikerketak hiztun kopuru apala erakutsi du (%5), baina, okzitanieraren atxikitzearen eta garapenaren aldeko atxikimendu azkarra erakutsi du (%78). «Zenbaki horiek biziki interesgarriak dira, hiztun kopuru apala izanik ere, atxikimendua oraindik azkarra dela erakusten dutelako. Funtsean, eremu horretan okzitanieraren aldeko politika bat beharrezkoa dela frogatzen du», Etxegarairen iritziz. «Hori da gure engaiamendua, eta gure keinu politiko azkarra: gure politika publikoetan okzitanieraren babesa markatzea».

Halaber, Euskal Elkargoaren eremuan jadanik diren egitasmoen azterketa ere egin dute, eta horiek indartzeko beharra azaleratu: irakaskuntza elebiduna Bidaxunen (Nafarroa Behere), helduen irakaskuntza eskaintza Angelun (Lapurdi), seinale eta komunikazio arloko ekinaldiak Baionako hiriguneko herrietan, hainbat diziplina artistikotan ari diren elkarteak...

«Ez da beranduegi»

Iazko ekainaren 23an, euskara eta okzitaniera Euskal Elkargoko hizkuntza gisa aitortu zituzten frantsesaren ondoan. Egun horretan aurkeztu zuten euskararen aldeko hizkuntza politika. Atzo aurkeztutakoa ildo beretik doala azaldu zuen Etxegaraik, eta arazo berak mahaigaineratzen dituela. «Hizkuntza gutxitu baten aldeko politika bat pentsatzean, arazo beraren aurrean gertatzen gara beti: familia transmisioa eten dela», adierazi zuen, zehaztu gabe zerk eragin duen transmisioaren eten hori. «Politika boluntaristak behar dira, eta hori irakaskuntzatik pasatzen da. Euskararentzat egin den lana egin behar dugu okzitanierarentzat ere».

Okzitanieraren kasuan, hiztun kopuru biziki apala izanik ere, baikor egon nahi du Etxegaraik. «Egia da hiztun kopurua biziki apala dela, baina dena ez da galdua; familia transmisioa biziki apala bada ere, bada oraindik. Europa ekialdeko hizkuntza batzuen kasuan, galduak zirela pentsatzen zen, baina hizkuntza politiken bidez salbatu ahal izan dira. Zabaldu behar dugun mezua da hizkuntza gutxitu bat ikastea ona baizik ezin dela izan».

Beñat Arrabitek, berriz, azaldu zuen okzitanieraren aldeko La Passem lasterketara joatearekin pertzepzioa aldatu zuela. «Bidaxunen gazte horiek guziak ikusi nituenean okzitaniera-frantsesa irakaskuntza elebidunean engaiatuak, pentsatu nuen oraindik bazela zer egitekorik. Elkarteekin bilkurak egitean, gazteak baziren, ez ziren zahar eroriak bakarrik. Dena ez da galdua», adierazi zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna