Parisi keinu eske, Urrutikoetxea aska dezaten

Frantziako hiriburuan agerraldi bat egin dute zenbait pertsona ezagunek. Justiziaren erabakia errespetatzea galdegin dute

Michel Tubiana, Anais de Courson eta Matt Carthy, atzo, Parisko prentsaurrekoan. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Hitzordu garrantzitsua izango du bihar Josu Urrutikoetxeak, Parisen: Espainiako Estatuak egindako estradizio eta euroagindu eskaeren harira, Frantziako Instrukzio Ganberan aztertuko dute haren kasua, eta, prozedura bukatu bitartean libre utzi ala behin-behinean preso sartu erabakiko du epaileak. «Frantziako prozeduretan libre dela kontsideratzen da», azaldu dute defentsa abokatuek. Nazioarteko pertsona ezagun batzuek Urrutikoetxea aske uzteko eskatu zuten atzo, Parisen, prentsaurreko bat emanda; «keinu» baikorrak galdegin dituzte .

Michel Tubiana LDH Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea, Matt Carthy Sinn Feineko eurodiputatua, Jacques Gaillot apezpikua, abokatuak eta Josu Urrutikoetxearen seme Egoitz izan dira prentsa agerraldian. Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohiaren bideo bat ere zabaldu dute, eta Anais de Courson frantziar aktoreak Gerry Adamsek eta Ronnie Kasrilsek Le Monde-n idatzitako artikulua irakurri du. Parisko Dei Auzitegiak joan den astean Urrutikoetxea kontrol judizialpean libre uztea erabaki ondotik, egun berean berriro presondegiratzeko Parisek hartutako erabakia deitoratu dute agerraldian, eta keinuak eskatu dizkiote Frantziako Gobernuari.

«Nola segitu gerlan gudaririk gabe?», galdetu du Michel Tubianak. «Noren kontra? Zeren alde? Ez dakigu oso ongi, ez bada mugimendu baten kontrako garaipen bat irudikatu nahia». Urrutikoetxearen atxiloketa Frantziako eta Espainiako estatuen «eskergabekeriaren adibide ona» dela erran du, hark «bake prozesuan hertsiki» parte hartu duelako. «Pieza nagusi bat izan da. Estatuekin elkarrizketa saioak izan ditu, eta horregatik ezagutua da». Atxiloketa «nahasgarria eta arduragabea» izan dela azaldu du.

Aurki ateratzekoa da Thomas Lacoste zinemagilearen Hypothèse Démocratique, une histoire du conflit basque filmarentzat (Hipotesi demokratikoa, euskal gatazkaren historia bat), elkarrizketa egin zioten orain dela hilabete batzuk Taubirari. Josu Urrutikoetxeari buruz mintzo da bertan, eta pasarte hori erakutsi dute Parisko prentsaurrekoan. ETAko kide historikoaren ibilbidea oroitarazi, eta keinuak eskatu ditu. «Gudariak gudari gisa aitortzen ditut, ez biktima gisa. Josu Urrutikoetxeak enfrentamendu militarretik ateratzea ahalbidetu duen heinean —izan dituen hildakoekin, izan dituen torturekin, izan dituen urraketekin, baita legeen zaintzaile direnen aldetik ere—, kontuan hartu behar dugu. Kausa horren hautuan izan duen ausardia kontuan hartzen dugun hein berean, gatazkaren eta bere ondorioen konponbideari ekarpena eginez izan duen indar morala ere kontuan hartu behar da. Zentzu horretan erraten dut keinuak egiteko espazioa dagoela».

Matt Carthyk Sinn Feineko eurodiputatuak ere hartu du parte agerraldian, eta Irlandako Ostiral Santuko akordioak gogoratu ditu. «Argiki erran dezaket: gudarien rola gabe ez zen bake prozesurik izanen Ipar Irlandan. Momentuan popularrak ez ziren ekintza ausartak egiteko gobernuaren borondatea gabe ere ez. Garrantzitsua da gobernua keinu ausartak egiteko gai izatea».

Osasun egoera kezkagarria

«Auzitegiak kontsideratu zuen aitak auzira agertzeko berme nahikoa eman zuela», erran du Egoitz Urrutikoetxeak. Era berean, kezkatua agertu da aitaren osasunagatik, eta lehenbailehen ebakuntza egin behar diotela azpimarratu du. «Hura askatzea ezinbestekoa da. Galdetzen dugun gauza bakarra da erabaki politiko baten aitzinean justizia erabaki bat aplikatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.