Publikotasuna defendatu du Eva Ferreirak EHUren ikasturte hasieran

Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio hasiera ikasturteari. Sindikatuek EHUko langileen prekarizazioa eta Euneizen finantzaketa salatu dituzte

LABek antolatutako elkarretaratzea, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Esparru arauemaile «egokiago eta eraginkorrago» bat lortzeko «premia» dute unibertsitate publikoek. Hori nabarmendu zuen atzo Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, EHUren ikasturte hasierako ekitaldian. Publikotasunaren aldeko defentsa egin zuen. «Edo kapaz gara legeek unibertsitate publikoen lana uler dezaten, edo gure arrakastan ito gaitezke», adierazi zuen.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bideratu zuen ekitaldia, Donostiako Carlos Santamaria zentroan. Aitor Zurimendi EHUko idazkari nagusiak 2020-2021eko ikasturtearen laburpena egin zuen, Maria Blanco Kimika Fakultateko irakasleak Albert Fert hizlaria aurkeztu zuen, eta Albert Fert 2007ko Fisikako Nobel saridun eta EHUko Kimika Fakultateko ikerlariak egin zuen ikasturte hasierako hitzaldia.

Atzera begiratuz, 2020-2021eko ikasturtea «positiboki» baloratu zuen Ferreirak, eta hurrengo ikasturteari begira «bikaintasunaren bidea» jorratzen jarraitu behar zutela adierazi zuen Urkulluk. Izan ere, EHUk Shanghaiko rankingeko 400 unibertsitaterik onenen artean jarraitzen duela nabarmendu zuen. «Kalitate maila» hori mantentzeko eta «bikaintasunezko ikerkuntza» bultzatzeko,«inoizko ekarpen handiena»egingo dutela jakinarazi zuen. Ferreirak ere azaldu zituen datorren ikasturterako zenbait plan: esaterako, Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriaren eraikuntza lanak «seguruenik» 2021-2022ko ikasturtean hasiko direla adierazi zuen.

Aurrez aurreko jardunari dagokionez, ikasturte hasieran %75eko batez besteko presentzialtasunari eutsiko diotela jakinarazi zuen errektoreak, eta osasun egoerak modua ematen duenean %100era zabaltzeko asmoa dutela esan zuen. Garai hauetan «zuhurtziaz» jardun behar dela esan zuen Urkulluk, eta pandemia «erantzukizunez eta profesionaltasunez» jokatuta gaindituko dela azaldu zuen.

Kanpoan, aldarrikapenak

Ikasturte hasierako ekitaldia hasi baino lehen, elkarretaratze bat antolatu zuten EHUko gehiengo sindikalak eta zenbait ikasle elkartek. LAB sindikatuak ere egin zuen deialdi bat aparte. Urkulluri «haserrea» transmititu zioten. Guztiek eskatu zuten «irabazi asmoko» Euneiz «unibertsitate proiektu elitista» gelditzeko, eta hori finantzatzekofunts publikorik ez jartzeko. LABek, gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko langileen prekarizazioa eta diskriminazioa salatu zituen. Horrez gain, unibertsitate publikorako «finantzaketa nahikoa» exijitu zion Eusko Jaurlaritzari.

Gabi Elkoroaristizabal EHUko LAB sindikatuko kideak EAJren eta PSE-EEren «lotsagabekeria» salatu zuen. Azaldu zuenez, EHUko zuzendaritza prest dago 2020ko aurrekontuan izandako 3 milioiko defizita «orekatzeko», horretarako «gastuak txikituta» eta «oraindik zehaztu gabeko» murrizketak eginda. Bitartean, Euneiz unibertsitate «elitistak» 12 milioi eta erdiko «diru laguntza zuzena» izango du. LAB sindikatuak «tinko» eutsiko die aldarriei, «orain arte» egin duen eran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.