Hiru lagun atxilo hartu dituzte presoen irudiak zabaltzea egotzita

Guardia Zibilak «terrorismoa goratzea» egotzi die, Korrikan presoen argazkiak zeramatzatela eta. Aske utzi dituzte ordu batzuetara

Euskal presoen aldeko afixak 21. Korrikaren azken kilometroetan, Gasteizen. IHANA IRIONDO / FOKU.
jon olano
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak Olaia Martinez de Lizarrondo, Pol de Miguel eta Fran Iso atxilotu zituen atzo Nafarroan, 21. Korrikan euskal presoen argazkiak eramatea egotzita. Poliziaren arabera, atxilotuek «terrorismoa goratu» zuten presoen irudiak zabalduta; atzeman eta ordu batzuetara aske utzi zituzten. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak jakinarazi zuenez, Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu zituzten, ETAren biktima batek aurkeztutako salaketa batetik eginiko ikerketen harira. Guardia zibilek polizia etxera eraman zituzten hiru atxilotuak, baina uko egin zioten deklaratzeari, baita DNA frogak egiteari ere. Beste pertsona bat ere atxilotzekoak ziren, baina hura topatu ez, eta deklaratzera deituko dute.

Aurtengo Korrikak Nafarroan egin zituen lehen kilometroak: Garestik abiatu zen, apirilaren 4an, ostegunez, eta ostirala eta larunbata ere bertan egin zituen. Larunbatez igaro zen Berriozartik; hain zuzen, herri horretan atzeman zituzten atzo De Miguel eta Iso.

Ohar batean, Sortuk atxiloketak kritikatu zituen, eta Guardia Zibilari egotzi zion, «zenbait indar politikorekin elkarlanean», hauteskunde kanpaina baliatu nahi izatea «nahasmena» eragiteko: «Euskal Herrian bake eta bizikidetza agertoki bat eraikitzeko guztien eskubideak bermatu behar dira, presoenak eta haien senideenak barne». Sorturen iritziz, «ezinezkoa» da agertoki hori eraikitzea presoen eskubideak «etengabe urratzen» badira «eta egoera bidegabe hori salatze hutsagatik jendea atxilotzen badute». EH Bilduk ere arbuioa adierazi zuen sare sozialetan, argudiatuta atxiloketek «elkarbizitza hautsi» nahi dutela eta «helburu politiko argia» daukatela. Atxilotuei elkartasuna adierazi zieten, eta horiek aske uzteko eskatu.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, berriz, dei egin du euskal presoen argazkiak erakusten jarraitzera, uste baitu Espainia eta Frantzia presoen «izaera politikoa ukatu» nahian ari direla: «Estatuak errepresaliatu politikoen existentzia ukatzen buru-belarri daude, erakunde politikoen legez kanporatzeen garaian hasitako bidearen azken urratsak eman nahian». AEMk kritikatu du «amnistiaren aldarria oinarririk gabe» uztea dela estatuen xedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.