PPrentzat «onartezina» da Ciudadanosek koalizioan eduki asmo duen pisua

PPren arabera, alderdi laranjak bigarren tokian joan nahi du Bizkaiko eta Arabako zerrendetan, Eusko Legebiltzarrerako bozetan

SERGIO BARRENECHEA / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako PPren eta Ciudadanosen arteko koalizio posible batean, alderdi laranjak bere ordezkariak jarri nahi ditu Arabako eta Bizkaiako zerrenden bigarren tokian. EAEko PPk nabarmendu du hori «onartezina» dela. Bere Twitter kontuan atzo idatzitako mezu batean adierazi zuen asmo horrek ez daukala «zerikusirik» alderdi baten eta bestearen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «errealitatearekin». Izan ere, 2016ko legebiltzarrerako bozetan, aurkeztu den aldi bakarrean, Ciudadanosek ez zuen lortu parlamentari bat bera ere. Datozen apirilaren 5eko hauteskundeetan koalizio gisa aurkezteko aurreakordioa lortu dutela jakinarazi zuten biek herenegun. Kataluniako bozetarako koalizioa osatzeko negoziazioak etenda daude, eta, Galiziarako, ezezkoan dago hango PP.

Teodoro Garcia Egea PPren idazkari nagusia eta Jose Maria Espejo-Saavedra Ciudadanosen kudeaketako ekintza instituzionalerako idazkaria ari dira EAErako negoziazioa gidatzen, Madrilen. Espejo Saavedrak Espainiako Kongresuan atzo egindako prentsa agerraldian azaldu zuenez, adostu dute Ciudadanoseko bi ordezkari, gutxienez, «hasierako postuetan» egotea Arabako eta Bizkaiko zerrendetan. Ordu batzuk geroago Efe berri agentziak PPren iturriak aipatuz argitaratutako albistearen arabera, ordea, akordioa ez dago «itxita» oraindik. «Hau negoziazio bat da».

Ciudadanoseko iturriak aipatuz hainbat hedabidek kaleratutakoa aintzat hartuz, Luis Gordillo alderdiaren EAEko bozeramailea nahi dute bigarren tokian Bizkaiko zerrendan. Araban, bestetik, Ciudadanosen hango koordinatzaile Gabriela San Vicente jarri asmo dute.

Alfonso Alonso PPren lehendakarigaiak goizean RNEn adierazi zuenez—koalizioa osatzen baldin badute ere, bera izango da hautagaia, ezustekorik ezean—, aurreakordioa «albiste oso ona» da. «Beste batzuetan ere ahalegindu izan gara koalizio bat osatzen, baina ez da atera. Zentro-eskuineko alternatiba bat izango da. Ciudadanosek Euskadin duen pisua txikia izanda ere, uste dut ilusioa sortuko duela eta eragin ugaltzailea edukiko duela». EAEko PPren presidenteak zehaztu zuen ez zutela hauteskunde zerrendez hitz egin. Espejo-Saavedrak, berriz, kontrakoa esan zuen, eta plazaratu zuen zerrenda horietan zer tokitan joango diren alderdi laranjako ordezkariak.

Gaur da hauteskundeetarako koalizioak erregistratzeko azkeneko eguna, eta, oraindik ere, eskuineko bi alderdiek ez dute akordiorik itxi. Hori bai, Alonsok ohartarazpen bat egin zion, atzo, bazkide posibleari: gustatuko litzaioke koalizioaren izenean PPren siglak mantentzea. Iaz ere koalizioa osatzeari buruzko bilera batzuk egin zituzten bi alderdiek, eta orduan proposatutako izenetako bat Vascos Suman izan zen. Baztertuta dago izen hori erabiltzea.

Programaz

Ez dute eman hauteskunde kanpainan aurkeztuko duten programaren berri. Ciudadanosek esan izan du kontzertu ekonomikoaren barruan ordaindu beharreko dirua, hau da, kupoa, berriro kalkulatu beharko litzatekeela. Alderdi laranjaren hitzetan, «pribilegioak» kendu nahi dizkio EAEri. Baina PPren lehendakarigaiak argi dauka: «Kontzertu ekonomikoa errespetatzea ezinbesteko baldintza bat da. Denek dakite hori, betidanik», nabarmendu zuen, atzo.

Alonsoren ustez «eragin ugaltzailea» izango du koalizioan aurkezteak. 2016ko bozetan, PPk bederatzi ordezkari lortu zituen orotara: 107.771 boto. Ciudadanosek 21.477 boto lortu zituen.D'Hondt sistema aplikatuz ondorioztatu daiteke batera aurkeztu izan balira 11 eserleku lortuko zituztela; hau da, bi gehiago. Bizkaian eta Araban lortuko zituzketen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.