Irailaren 19an mobilizatzera deitu dute Bakegileek

Baionako suprefeturaren aitzinean bukatuko dute egun osoko mobilizazioa. Frantziako Gobernuaren ardura azpimarratu dute

Bakegileen prentsaurrekoa, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Joan den ekainean «estrategia berria» iragarri ondotik, heldu den irailaren 19rako mobilizazio egunera deitu dute bakegileek. Kondena heriotzaraino? 30 urte aski da! lelopean, hiru momentu izanen ditu: goizean, elkarretaratzeak eginen dituzte Ipar Euskal Herri osoan, 11:00etatik 13:00etara; ondoren, 12:30etik 14:30era, autokarabanak abiatuko dira Maule, Donibane Garazi eta Hendaiatik (Lapurdi). Horiek guziak Baionako suprefeturaren aitzinean elkartuko dira. Bertan izanen da «inflexio puntua». «Bake prozesuan sinesten dugu», adierazi du Mixel Berhokoirigoin bakegileak; «gobernuei sinetsarazi nahi diegu ez dela beste biderik».

Berhokoirigoinek erran du «urrats handiak» egin direla azken urteetan, baina ez direla «osoki bururaino» eramanak izan. «Bada sobera denbora prozesua geldirik dela». Unea «larria» dela erran du, «arriskutsua». Horren adierazle da, haren hitzetan, Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza, eta adierazi du «ekidin» zitekeela. Abisatu du Frantziako presondegietan ere arrisku bera dagoela, «bereziki prokuradoreen jarrera probokatzailearen» ondorioz. «Ez dugu onartzen erratea ez dela besterik egiten ahal, justizia independentea dela. Ardura osoa [Frantziako] gobernuarena da». Oroitarazi du hark erabakitzen duela politika penala, eta fiskaltzari instrukzio orokorrak eman diezazkiokeela, Euskal Herrian izandako aldaketa politikoak kontuan har ditzan. «Ez dugu besterik eskatzen».

Irailaren 24an bi hitzordu juridiko izanen direla oroitarazi du Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak: Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaera dei auzian iraganen da, eta Jakes Esnalen eskaeraren erantzuna emanen dute. Halaber, Jon Kepa Parotek seigarren eskaera eginen duela iragarri du. «Bide juridikoek erakutsiko digute agortuak direla?», galdetu du Funosasek. Hala bada, bide politikoei soilik lortzen ahalko direla ondorioztatuko dutela adierazi du.

Berhokoirigoinek ekarri du zehaztapena: «Orain arte, ukan dugu esperantza, eta sinetsi dugu bide juridikoek aterabide bat eskaintzen ahalko zutela. Baina fiskaltzaren jarrera hor da beti. Beraz, behar dugu kontuan hartu guziei inposatzen zaigun errealitatea: bide juridiko hori, elementu interesgarriak ematen baditu ere, aterabide gabeko bidea da. Ez da horrekin nehor presondegitik aterako. Ondoko egunetan konfirmatzen bada, hori integratu beharko dugu». Ondorioz, bide politikoa baizik ez da geldituko: «Gure hitzak eta ekintzak botere politikoari buruz itzuliko dira, eta batez ere Frantziako presidenteari buruz. Beste bideak agortuak badira, berak du eskuetan gakoa».

Justizia Ministerioa

Uztail hasieran, Frantziako Gobernuan aldaketak egin zituen Emmanuel Macron presidenteak, eta Eric Dupont Moretti abokatuak hartu zuen Justizia ministroaren kargua. Bakegileek jakinarazi dute hitzordu eskaera helarazia diotela, baina oraingoz ez dutela erantzunik ukan. Hala ere, argi utzi nahi izan dute ez diela horrek markatzen agenda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.