Miren Dobaran, berriz Hizkuntza Politikarako sailburuorde

Karguan jarraituko dute saileko gainerako arduradunek ere: Estibalitz Alkortak, Joseba Lozanok, Josune Zabalak eta Jokin Azkuek

maddi ane txoperena iribarren
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Aldaketarik ez dute eginen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Bingen Zupiria izanen zela gauza jakina zen, eta Zupiriak berak atzo jakinarazi zuen nor egonen den gainontzeko ardura postuetan. Orain arte bezala, Miren Dobaran izanen da Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta zuzendari karguetan segituko dute orain arte hala zirenek ere: Estibalitz Alkortak Euskara Sustatzeko zuzendari gisa jarraituko du; Joseba Lozanok, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari; Josune Zabalak, Ikerketa eta Koordinazio zuzendari; eta Jokin Azkuek, HABEko zuzendari.

Dobaran 1970ean jaio zen, Berangon (Bizkaia), eta ibilbide luzea egina du irakaskuntzaren eta instituzioen alorrean. Euskal filologoa eta itzultzailea da ikasketaz, eta urte anitzetan irakasle izandakoa. EAJrekin Berangoko alkate izan zen 2000tik 2007ra, eta Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari 2007tik 2008ra. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusi ere izan zen 2008tik 2013ra. Diputazioa utzi zuen Lauro ikastolako (Loiu, Bizkaia) zuzendari aritzeko, eta han zebilela proposatu zioten Jaurlaritzan sartzea. 2017ko urtarriletik da Hizkuntza Politikarako sailburuordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.