Beste preso bat hil da Zaballan, urte honetako laugarrena

Hildakoa gasteiztarra da, 35 urteko gizonezkoa. Salhaketak heriotzen «informazio falta» salatu du, eta elkarretaratze bat antolatu astearterako

700 preso pasatxo daude Zaballako espetxean (Araba), eta hamarretik bederatzi gizonezkoak dira. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Heriotza kopuruak ez du etenik Zaballako espetxean (Araba). Beste preso bat hil da, Salhaketa elkarteak jakinarazi duenez. 35 urteko gizonezko bat da hildakoa, gasteiztarra. Elkarteak adierazi du ziega batean aurkitu dutela gorpua, eta aurten espetxe horretan «arrazoi ez-naturalengatik» hil den laugarren presoa dela, eta iraileko bigarrena. Haren arabera, gertakari horrek «heriotzen beste kronika bat» adierazten du: «Eragotz zitekeen tragedia bat da, espetxean hildakoen kopuru makabroak loditzen baititu; hildako gehienak gazteak dira, eta arrazoi ez-naturalengatik hiltzen dira».

Hain zuzen, azkenekoz, irailaren 12an hil zen preso bat Zaballako espetxean. 32 urteko gizonezko bat zen, eta kartzelako laugarren moduluko kideek topatu zuten hilik. Presoak arreta psikologikoa eskatua zuen, baina kartzelara iritsi zenean soilik gizarte langileak artatu zuen. Joan den uztailaren 17an, berriz, 23 urteko gizonezko bat ere hilik agertu zen ziegan, eta aurretik, apirilaren 7an, espetxe bereko beste preso bat zendu zen ospitalean, Gasteizen. Hala, gaur arte Arabako espetxean hildako preso guztiak gizonezkoak izan dira, eta gehienak, 30 urtetik beherakoak. Guztira, 700 preso pasatxo daude kartzela horretan, eta hamarretik bederatzi gizonezkoak dira.

Elkarteak salatu du Espainiako Espetxe Erakundeek ez dutela heriotza horien berri eman, eta haren menpeko presondegietan 125 preso hil direla aurten dagoeneko. Gaineratu du heriotza horien inguruko informazio publikorik ez dela argitaratu, eta «inpunitatea» erakusten duela jarrera horrek. Erakunde politiko eta judizialen «ekimenik eza» ere salatu dute Salhaketako kideek: «Egoera onartezina da, nagusiki heriotza gehienak eragotz zitezkeelako, besterik gabe egungo legedia aplikatuta». Beraz, azken heriotza eta gainerako guztiak salatzeko, elkarteak elkarretaratzea egingo dute asteartean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, eguerdiko hamabietan.

Neurriak, «beste behin»

Heriotzen egoera «beldurgarri» hori amaitzeko nahia du elkarteak, baina horretarako garrantzitsua iruditzen zaio oraindik erantzunik ez duten galderak argitzea. Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari, Espainiako Gobernuari eta Barne Ministerioari eskaerak egin dizkiote, «beste behin ere». Eskatu dute azaldu dezatela zenbat heriotza gertatu diren, nortzuk izan diren hildakoak, zeintzuk izan diren heriotzaren arrazoiak eta zer prebentzio neurri hartu diren, besteak beste. Horrez gain, neurri zehatzagoak ere eskatu dituzte.

Fiskaltzari galdegin diote ofizioz iker ditzala heriotzak, gehienek «inguruabar arraroak» dituztela iritzita, eta arrazoiak argitzeko eskatu dute. Espetxeetako zuzendaritzei exijitu diete hildakoen senideak behar bezala informatzeko, eta ez gorpuak erraustea «autopsia saihesteko asmoz». Erantzukizun zibilak eta penalak eskatzeko orduan, familiak babesteko ere eskatu dute. Azkenik, larri gaixo dauden presoak «berehala» askatzeko exijitu du Salhaketak, pertsona horien zaintza eta medikuaren jarraipena espetxearekin «bateraezinak» direla ohartarazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.