Espetxe sistema «ankerra» arbuiatu dute Antton Troitiñoren senideek

Kartzelak presoen osasunean duen eraginaz ohartarazi dute Sarek eta Etxerat-ek. Troitiño era horretan hildako «azkena» izatea nahi dute

Donostian manifestazioa egin zuten atzo iluntzean. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Ostiralean zenduriko Antton Troitiñoren senideek eta Etxerat-eko eta Sareko ordezkariek espetxeak euskal presoen osasunean duen eragina salatu zuten atzo Donostian eginiko agerraldian. Mobilizazio bat ere egin zuten: 19:00etan manifestazioa egin zuten, Bulebarretik abiatuta. Galdegin zuten Troitiño egoera horretan hiltzen «azkena» izan dadila.

Irati Aranzabal senideak «haserrea eta tristura» adierazi du: «Oso gutxi geratzen zitzaionean bakarrik irteten utzi dion espetxe sistema anker baten ondorioz hil da, eta Logroñon preso duen Jon ilobari agur esaten ere ez diote utzi». Aranzabalek oroitarazi du Troitiño espetxean egon dela «bere bizitzaren zati handi batean». Ia 30 urte egin zituen barrote artean.

Xochitl Karasatorre Sareko eta Etxerat-eko bozeramaileak «maitasuna eta elkartasuna» adierazi dizkie senide eta lagunei, eta Troitiñok kartzelan izandako arta falta salatu du: «Fisikoki hondatuta egon arren, espetxeko asistentzia ezak eta baldintza txarrek larriagotutako gaixotasunak zituzten beste euskal presoen kasuan bezala, Antton Troitiño baldintzapeko askatasunean uzteko erabakia atzeratu egin zen, egoera atzeraezina izan zen arte, Antton Troitiñoren sufrimendua eta etsipena areagotuz. Espainiako Auzitegi Nazionalaren labirintoaren biktima izanik, administrazioak epeak agortu zituen emandako autoak irmo deklaratu arte, espetxetik irteten utzi aurretik».

Bertze halako kasu batzuk ere ekarri ditu gogora: Asier Aginakorena, Oier Gomezena eta Jose Angel Ochoa de Eriberena. Denak hil ziren espetxetik atera eta hilabete gutira, «kartzelan izandako gaixotasun larri eta luzeen ondorioz». Karasatorrek nabarmendu du espetxea ez dela eritasunak artatzeko tokia: «Ez gara nekatuko gaixo dagoen norbait behar bezala tratatu eta gaixotasuna sendatzeko azken lekua espetxea dela behin eta berriz errepikatzeaz». Gaitzetsi du euskal presoek kondena luzeak dituztela gainera, eta «giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe sistema bat» galdegin du: «Onartezina eta ankerra da presoaren osasun kritikoa espetxean egotea atzeratzen duen labirinto juridikoaren aurretik ez jartzea». Eritasun larriak dituzten presoak «lehenbailehen» askatzeko eskatu du, «ahalik eta lasterren artatzeko, duintasunez eta haien gertukoen babesarekin». Jakinarazi duenez, egun hogei dira gaixotasun larriak dituzten euskal presoak: «Berehala irten behar dute espetxetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.