Mugimendu feministak «ekintzak» eskatu dizkie instituzioei, hitzez harago

Eusko Legebiltzarrean izan dira mugimenduko bi ordezkari, greba aurkezten. Nafarroako Parlamentuak grebara atxikitzera deitu du

Lore Lujanbio eta Aitziber Romero, atzo, Eusko Legebiltzarrean. E. PORTILLO / FOKU.
arantxa iraola
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Instituzioetara heldu da Martxoaren 8ko greba deialdiaren oihartzuna. Feminismoaren aldarri eraldatzaileak ozen aditu ziren atzo Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Lehenean, mugimendu feministako bi ordezkari izan ziren greba aurkezten: «ekintzak» eskatu zituzten, berbez eta keinuez harago. Aitziber Romero eta Lore Lujanbio mintzatu ziren. «Ez zaizkigu zuriketa moreak interesatzen. Ez zaizkigu hitz eta argazkiak interesatzen. Erakunde publikoetatik ekintzak eta konpromisoak nahi ditugu», nabarmendu zuten.

Zaintza grebaren ardatzetako bat dela oroitarazi zuten, eta «zaintza integralerako» zerbitzu publikoak ezinbestekoak direla. PPk ez beste, gainerako talde politiko guztiek hitza hartu zuten mugimenduko ordezkariei mintzatzeko; «zoriontzeko» mezuak nagusitu zirela adierazi du Romerok. Agerraldia egiten zuten bitartean, legebiltzarreko atarian hainbat emakumek pankarta bat zabaldu zuten elkarretaratze batean: Feminismoak zuen faxismoa garaituko du!. Nafarroako Parlamentuan, berriz, eledunen batzordeak grebarekin bat egiteko adierazpen bat onetsi zuen; PPNk ez beste talde guztiek bultzatutako testua izan zen. Iruñeko Udalak ere bat egin du greba deialdiarekin. Arabako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalean ere, urrats hori bera; esaterako, foru diputatu andrazkoek ez dute ekitaldirik egingo ostiralean.

Greba feministaren aldeko atxikimendu gehiago ere izan dira orduotan. LAB sindikatuak gogora ekarri du, esaterako, Kapitalismo heteropatriarkalari planto leloa ardatz hartuta egin dutela bat deiarekin: «Emakume langile guztiak parte hartzera animatzen ditugu». Ostiralean sindikatuko bulegoak zabalik egongo direla jakinarazi dute, baina andrazkorik lanean ariko ez denez, aski ezohikoa izango dela laneko martxa. Deialdiaren «errotiko» aldarrietan sakontzera deitu dute, lan munduko hainbat «dikotomia faltsu» gainditze aldera: lana-enplegua, publikoa-pribatua eta produktiboa-erreproduktiboa. «Kategoria baztertzaile» horiez jabetu, eta apurtzera egin behar dela esan dute. ELA sindikatua, berriz, instituzioei mintzatu zaie; bereziki, Jaurlaritzari. Sindikatuaren aburuz, «mezu feministak» zabaltzen ditu, baina genero bazterkeria betikotzen du sarritan haren lan politiken bitartez. Hain zuzen ere, gobernuarentzat lanean ari diren aldi baterako langileen %75 emakumezkoak direla gogorarazi du, soldata arrakala %24koa dela eta azpikontratutako langileen %90 andrazkoak direla.

Sortuk ere ohar bat plazaratu du greba deialdia sostengatzeko. «Argi eta ozen esan behar da politika feministaren aroa heldu dela», adierazi du. Jarrera neoliberalak «oldartuta» daudela ohartarazi du, eta aurre egin behar zaiela feminismoak aldarrikatzen dituen ardatzetatik ere. EAEko Ahal Dugu-k ere bat egin du deialdiarekin, eta haren siglak mobilizazioetatik aparte egongo direla nabarmendu du: lehen lerroa mugimendu feminista egotea ezinbestekotzat du. «Neoliberalismoa» oinarri duen feminismoa arbuiatzera deitu du.

«Zaintza borrokei xede eta forma zehatzak eman behar dizkiegu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.