Murgiltze ereduak ez du bermatzen frantsesa ikastea, Blanquer ministroarentzat

Zalantzan ezarri ditu hezkuntza eredu horren bertute pedagogikoak, eta baieztatu du frantsesa baztertzera bultzatzen duela
Jean-Michel Blanquer, Frantziako Hezkuntza ministroa.
Jean-Michel Blanquer, Frantziako Hezkuntza ministroa. LUDOVIC MARIN / EFE

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko maiatzak 22
Hizkuntza gutxituak murgiltze sisteman irakastearen kontra mintzatu da beste behin Frantziako Gobernua. Jacqueline Gourault ministroaren adierazpen polemikoen ondotik, Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren txanda izan zen atzo: murgiltze sisteman oinarritutako irakaskuntzaren bertute pedagokikoak zalantzan ezarri zituen, eta frantsesa ongi ez ikasteko «arriskua» dagoela nabarmendu zuen.

Eskolaren erreforma legea bozkatu zuen atzo Frantziako Senatuak, eta bertan sortu zen hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren inguruko eztabaida. Hezkuntza ministroa beldur da murgiltze sisteman ari diren ikasleek —Ipar Euskal Herriko ikastoletan, kasurako— euren hizkuntza gutxitua bakarrik erabiliko ote duten, eta frantsesa alde batera utzi. «Ikuspegi pedagogikotik, asko dago eztabaidatzeko. Izan ere, ezagutza aldetik ezin da esan ona denik ikasleak bultzatzea frantses hizkuntza ez ezagutzera eramango lituzkeen egoera batera», adierazi zuen, senatarien aitzinean. Hain zuzen ere, ministroaren iritziz, murgiltze ereduaren benetako funtsa aztertu behar da plan pedagogikoan.

Ministroaren hitzak ez dituzte batere ongi hartu hizkuntza gutxituen irakaskuntza bermatzen ari diren zentroetan. Hain zuzen ere, Stephanie Stoll Bretainiako Diwan eskoletako lehendakariak gogor erantzun dio ministroari: «Ez da posible halakorik esatea. Hark oso ondo daki murgiltze sistemak ez dakarrela elebakartasuna, baizik eta elebitasuna bermatzeko eredu bat dela. Informatua dago. Ezin dut sinetsi halakorik erratea».

Seaska ere arazo handiak topatzen ari da Macronen gobernuarekin. Hain zuzen ere, martxan den ikasturterako 25 irakasle lanpostu eskatu zituzten ikastolek, eta Parisek bost lanpostu eta erdi besterik ez zion onartu.

Macronekin kontraerrana

Joan den ostiralean, Euskal Herrian izan zen Emmanuel Macron Frantziako presidentea, heldu den agorrilean Miarritzen iraganen den G7koen gailurra prestatzeko, eta euskarazko irakaskuntza ere aipagai izan zuen. Deigarria da Blanquerren hitzekiko kontraerrana. Kazetariei erantzunez, euskara «hobeki laguntzea» nahi duela adierazi zuen, besteak beste. Bestalde, azken hilabeteetan euskarazko irakaskuntzarekin sortutako kezkei buruz galdetuta, iragarri zuen aurki kontrol jarraikia euskaraz egin ahal izatea izenpetuko dutela baxoari dagokionez. Ez zen mintzatu sare publikoan murgiltze eredua sartzearen alde , baina ez zuen egokitzat jo «eraginkorrak» diren dispositiboak kentzea, murgiltzearen esperimentazioari erreferentzia argia eginez .

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna