Bertan behera utzi dituzte euskal girotze barnetegiak

Hezkuntza Sailak BERRIAri esan dionez, COVID-19a dela-eta hartu dute erabakia. Iralek, berriz, salatu du irakasleen herenek ez dutela segituko

Zenbait haur euskararen aldeko mural baten aurrean jolasean. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Ez dute euskal girotze barnetegirik egingo. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak BERRIAri jakinarazi dionez, printzipioz ikasturte hasierarako hartu dute erabakia, eta gero ikusi egin beharko dute. Azaldu dutenez, COVID-19aren segurtasun neurriak direla-eta erabaki dute bertan behera uztea, ikasturte hasiera «oso konplexua» izango dela uste dutelako.

Gaur egun, bost barnetegi daude: Elgoibarren, Hondarribian, Seguran (Gipuzkoa), Barrian (Araba) eta Lemoizen (Bizkaia). Ikastetxeetako 3.000 haur inguru hartzen dituzte urtero, lau eguneko egonaldia eginez euskararen erabilera areagotzeko.

Elgoibarko euskal girotze barnetegiko irakasle begiralea da Amaia Zubizarreta. Oraindik ezer ofizialik jaso ez badute ere, «zalantzan» ikusten du proiektua. «35 urteko proiektu bat bertan behera uztea hiruhileko baten edo biren aitzakiarekin, eskertza baino galera handiagoa dela iruditzen zaigu». Hori ikusita, hainbat proposamen egin dituztela ziurtatu du Zubizarretak: eurak joatea ikastetxeetara; barnetegietara joan baina bertan gaua ez pasatzea... «Proposamen guztiei emandako erantzuna 'ez' da».

Barnetegiak ixtea «izugarrizko galera» dela deritzo. Izan ere, Zubizarretak nabarmendu du horietako ikasle askok eskolan soilik daukatela harremana euskararekin. «Barnetegira etortzen direnean, 24 ordu dira euskaraz». Ez du ulertzen ixteko arrazoiak zeintzuk diren: «Udalekuak antolatzen ari dira, eta Eusko Jaurlaritzaren ikastaro bat egin dugu COVID-19a nola kudeatu beharko genukeen jakiteko».

Irale ere kexu

Baliteke euskal girotze barnetegiena ez izatea datorren ikasturteko galera bakarra. Izan ere, Gasteizko Irale irakastegiko klaustroak jakinarazi duenez, Iraleren irakastegietako bitarteko irakasle funtzionarioek ezingo dute segitu.

Irakastegiak kritikatu egin du neurria: «Ezohiko ebazpenaren arabera, langileen herena Iralen jarraitzeko aukera barik geldituko da; irakasle askok urteetan pilatutako gaitasuna eta eskarmentua alferrik galtzea dakar horrek». Horrela, uste dute zailtasunak izango dituztela orain arteko eginkizunetarako —irakasleentzako ikastaroak egitea, euskarazko ikasmaterialen kalitatea bermatzea...— : «Erabat ezinezkoa da 2020-2021eko ikasturterako Iraleri ezarritako eginkizun berriei aurre egitea, baita aurrerago ohikoak berreskuratzea ere». BERRIAk jakin duenez,Hamaika Eskuko —maila apaleko ikasleei laguntzeko programa— eskoletan aritu beharko lukete aholkulari, irakasleei laguntzen....

Hezkuntza Sailaren hitzetan, funtzionarioei zerbitzu eginkizunak mantenduko dizkiete; beste kasuak «aztertzen» ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.