Akordiorik eza FVEMeko zuzendarien errua dela salatu dute sindikatuek

CCOOk, LABek eta UGTk bilera eskatu diote Bizkaiko patronalari hilaren 12ko asterako. ELAk greba mugagabearen aukera aipatu du

Sindikatuen banderak, atzo Bilbon eginiko manifestazioan. O. MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Astebeteko greba arrakastatsua izan da; orain FVEMi dagokio erantzutea. Azken eskaintza guk egin genuen: haien txanda da». CCOO, LAB eta UGT indartsu sentitzen dira Bizkaiko metalgintzako lan itunaren negoziazioari berrekiteko, eta hilaren 12ko astean hitzordua zehazteko eskatu diote patronalari. ELAk, berriz, eginiko azken planteamenduak «nabarmen» hobetu behar dituela ohartarazi dio, eta hala izan ezean hurrengo urratsa greba mugagabea antolatzea izango dela.

Nahiz eta bi bloke ezberdinetan negoziatzen ibili, Bizkaiko metalgintzako lau sindikatuek bat egin zuten atzo astebeteko greba deialdiaren «arrakasta» nabarmentzean. Haien arabera, erantzuna %85 ingurukoa izan da, eta eragin horren erakusgarri da, esaterako, Mercedesek Gasteizen duen lantegiak bi egunez gelditu behar izan duela hornidura arazoengatik. Erantzun «zabal» horrek FVEMi zer pentsatua eman beharko liokeela uste dute, eta eskaintza «mamidun» bat egiteko akuilu izan.

Sindikatuek mezu argia bidali diote patronalari: abendua abagune egokia izan daiteke gatazka amaitzeko. Jaiegun askotako hilabeteak ez dira aproposak greba deialdiak egiteko, eta hilaren 12ko aste hori baliatu nahi dute akordioa lortzeko. Ez dirudi jarrerak oso urrun daudenik, sindikatuek berek onartu baitute aurrerapausoak egon zirela azken bileretan. Alde horretatik, CCOOk, LABek eta UGTk —ordezkaritzaren %59 dute— ez zuten lanuzte gehiagorik aipatu atzo. Bizkaiko patronalari ere ez zaio komeni bere negoziazioa Gipuzkoakoarekin elkartzea, eskaintzak alderatu daitezkeelako. ELAk —ordezkaritzaren %41—, berriz, jarrera oldarkorragoa erakutsi zuen, eta akordiorik ezean greba mugagabea antolatzeko aukera aipatu zuen.

Alde horretatik, sindikatuek nabarmendu zuten FVEMen barruan ere jarrera ezberdinak daudela. Iratxe Azkue, LABeko kidea: «Enpresari batzuek esan digute gure baldintzak onartzeko prest daudela. FVEMeko zuzendaritzan daudenak ari dira negoziazioa blokeatzen: Artetxe, Ormazabal, Sidenor, Tecuni... Horiek dituzte, gainera, irabazirik handienak».

Sindikatuek Bilbon deituriko manifestazioaren aurretik egin zituzten adierazpenak. Bizkaiko metalgintzak aurten egin duen mobilizaziorik jendetsuena izan zen. Ez zen istilurik egon, nahiz eta grebalariek petardo oso zaratatsuak bota zituzten, eta horietako batzuek metalezko paperontzi txiki pare bat lehertu zituzten. Istiluen aurkako ertzain askok zaindu zuten mobilizazioa.

Ertzaintzaren defentsan

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Ertzainzak metalgintzako piketeetan izandako jarrera defendatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Legea «zorrotz» bete zuela nabarmendu zuen, Ertzaintzak lan gatazka gutxitan erabiltzen duela indarkeria, eta erabili duenean greba eta manifestazio eskubidearen barnean ez dauden jarrerei aurre egiteko erabili dela.

Erkorekak eztabaida garratza izan zuen Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko parlamentariarekin. Hark langileen aurkako «gehiegizko indarkeria» erabiltzea leporatu zion Ertzaintzari. Era berean, ordezkari sindikalei «jazarri» izana eta haiek ostikatu eta bortizki jo izana egotzi zion Poliziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.