Fiskaltzak 150 urte eskatu ditu 'Ellakuria auzian' preso den militarrarentzat

Bost jesuiten heriotza «aktiboki erabaki eta diseinatu» izana egozten dio Espainiak Inocente Montano El Salvadorko Defentsa ministrorde ohiari

Inocente Montano, 2017an, Espainiaratu aurretik. RON ROGERS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Ignacio Ellakuria euskal herritarraren eta beste lau jesuitaren kontrako hilketarekin lotuta, Inocente Montano El Salvadorko Defentsa ministrorde eta koronel ohia epaituko du Espainiako Auzitegi Nazionalak. 1989ko azaroan Ellakuria, Ignacio Marin, Segundo Montes, Amando Lopez eta Juan Ramon Moreno jesuitak hiltzeko plan bat diseinatzea eta horien hilketa «aktiboki erabakitzea» egozten dio fiskaltzak. Hori dela eta, 150 urteko espetxe zigorra eskatu du. Eraso horretan, hiru salvadortar ere hil zituzten: Joaquin Lopez apaiza, Julia Elba etxeko langilea eta haren alaba Celina Mariceth —adingabea—.

Fiskaltzak Rene Yusshy Mendoza El Salvadorko teniente ohia ere akusatu du ardura berberak egotzita. Harentzako, ordea, soilik urtebeteko espetxe zigorra eskatu du hilketa bakoitzeko. Izan ere, hainbat aringarri ezartzea galdegin du, justiziarekin izan duen elkarlanean «oso» aktiboa izan dela argudiatuta. Teniente ohia hilketak egin zituen Atlacatl batailoiko kide izan zen.

Akusazio idatziak jasotzen duenez, «auzipetuek, auzi honetan ikertu ez diren beste pertsona batzuekin batera, egitura paralelo bat eratu zuten El Salvadorko Estatuaren barruan, legeditik kanpo; horrek bake publikoa hondatu zuen, eta biztanlerian izu egoera bat sortu zibilen exekuzioen eta desagertzeen bidez».

Espainiako Auzitegi Nazionalak hogei militar ohi auzipetu ditu Ellakuriaren auzian, baina El Salvadorko erakundeek muzin egin diete estradizio eskariei. Horrela, bada, Montano izango da, oraingoz, Ellakuria auzian Espainiak epaituko duen lehen pertsona. AEBetan atxilotu zuten, eta hango gobernuak Espainiaren esku utzi zuen, 2017an. Ordutik, espetxeratuta dago, oraindik egunik ez duen epaiketaren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.