Iheslarientzako atxilotze gune handienetako hiru ixteko asmoa dauka Libiak

NBEk intentzioa txalotu du, baina neurri gehiago eskatu dizkio Tripoliri. Open Arms-ek 120 bat etorkin erreskatatu ditu Mediterraneoan

Tripoliko atxilotze guneetako batean ateratako argazkia. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Libian lan egiten duten giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, herrialdeko pare bat dozena atxilotze gunetan 5.000 bat migratzaile dauzkate harrapatuta. Zentro horietako baldintzak salatu izan ditu NBE Nazio Batuen Erakundeak, baina Libiako agintariek jarraitzen dute atxilotutako migratzaileak hara eramaten. Tripoliko gobernuak atzo jakinarazi zuenez, ordea, zentro horietako hiru, handienak, ixteko asmoa du. Hori iragarri zuen Fathi Baxagha Barne ministroak, atzo. Ez da, ordea, halakorik adierazten duen aurreneko aldia.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak intentzio hori txalotu du. Dena dela, aurrerapauso gehiago emateko eskatu du NBEren agentziak, «atxilotuta dauden errefuxiatu guztiak modu ordenatuan askatu ditzaten». Andrej Mahecic agentziaren bozeramaileak atzo nabarmendu zuenez, inguru «urbanoetara» lekualdatu beharko lituzkete iheslariak, eta UNCHR laguntza «finantzarioa eta psikosoziala» emateko prest legoke.

Misrata hirian dago, hiriburutik ekialdera, itxi asmo dituzten zentroetako bat, eta beste biak Tripoliren aldirietan daude. Gerra zibil betean murgilduta dago Libia, eta, horren ondorioz, Tajurako atxilotze gunea bonbardatu zuten uztailaren hasieran. 50 bat iheslari hil zituzten. Tripoliko exekutiboak —NBEk babesten du— orduan adierazi zuen zentroak ixteko asmoa zuela, baina gobernuak jarraitu egin du itsasoan atzemandako iheslariak bonbardatutako zentrora itzularazten.

Baldintza «bidegabeak»

Giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, Tripoliren asmoak eragin dezake beste guneetan pilaketa are handiagoak gertatzea. AI Amnesty Internationalek nabarmendu izan du baldintzak «izugarriak eta gizagabeak» direla, eta iheslariak giza trafikatzaileen esku geratu daitezkeela. UNHCRren Libiarako zuzendari Jean-Paul Cavalierik ere horri buruz ohartarazi du.

Bien bitartean, Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen izen bereko ontziak gutxienez 120 bat iheslari erreskatatu ditu azkeneko bi egunotan Mediterraneoan. Horiek lehorreratzeko portu bila dabil. Kataluniako Gobernua ontzia hartzeko prest agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.