Albistea entzun

Inflazioaren mehatxuaren gainetik, EBZk pizgarrien programari eutsi dio

Frankfurtek sei hamarren igo du hazkunde aurreikuspena, %4,6raino. Baikor agertu da EBZ, baina zuhur ere bai, birusaren aldaera berriengatik
EBZko presidente Christine Lagarde.
EBZko presidente Christine Lagarde. ANTONIO COTRIM / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2021eko ekainak 11

Ozenago entzuten da inflazioa gehiegi hazten ari den abisua, eta aldagai horri batu zaio hau ere: susperraldiak gero eta sendoagoa ematen du urteko bigarren hiruhilekoan. Baina EBZ Europako Banku Zentralak ez du aldatuko bere bide orria, eta erritmo berean jarraituko du pizgarrien politikarekin. Horrek esan nahi du aktiboak erosteko pandemia garaiko programak (PEPP) aurrera jarraitzen duela aldaketarik gabe, «finantzaketaren baldintzak gogortu ez daitezen».

Atzoko bileraren ostean, banku zentralak garbi utzi du baikortasunez ikusten duela pandemia gainditzen hasi den agertoki ekonomikoa. Baikor bai, baina zuhur ere bai. Duela hiru hilabete baino egoera hobea du euroguneak, Christine Lagarde EBZko presidentearen ustez, eta diagnosi horren isla da erakundeak hazkunde aurreikuspenak hobetu izana. Aurten, %4,6 haziko da euroguneko herrialdeen ekonomia, aurreko estimazioa baino sei hamarren gehiago. Eta 2022rako, %4,7ko errebotea aurreikusi du, hori ere sei hamarren handiagoa. 2023. urterako, berriz, %2,1eko hazkundea finkatu du, ordurako gaindituta egongo delakoan pandemiak eragindako eroriko eta erreboteen aroa.

Zerbitzuak aurrerapauso bat ematen ari direla uste du Frankfurtek, txertaketa erritmo onean doalako aurrera, eta horrek ahalbidetuko duelako gobernuek birusa ez hedatzeko ezarritako muga handiak ezabatzea, hein handi batean. Kontsumoaren susperraldia gero eta argiago ikusten du EBZk, eta horregatik doitu ditu aurreikuspenak gorantz. Mehatxu handiena koronabirusaren aldaera berri bat litzateke, egoera beltzez margotu dezakeen aldaera arriskutsuago bat.

Inflazioari begira

Beste maila bateko mehatxua da inflazioa, baina, azken asteetan, ez dira gutxi hari erreparatzen dioten ahotsak. AEBetan, %5eko inflazioa erregistratu da maiatzean, 2008ko abuztutik handiena, baina Lagardek ez du jo egiturazko arriskutzat Europan prezioen garestitzea, «behin-behineko aldagaiek eta energiaren prezioek bultzatu dutelako gora».

Edonola ere, EBZk aurreikusi du inflazioak gora jarraituko duela urteko bigarren erdian, eta 2022an jaisten hasiko dela, behin-behineko aldagaiak desagertzen direnean, eta energiaren prezioa egonkortzean. Are, Lagardek esan du inflazioa EBZren helburua baino apalagoa izango dela aurten, hau da, %2 baino apalagoa.

EBZko goi agintariaren esaldi batek laburbiltzen du egoera: «Duela hiru hilabete baino baikorragoak gara». Pandemia hasi zenean, zor publikoaren eta pribatuaren erosketa handitu zuen EBZk, PEPP programarekin. Diru berria inprimatu eta zorra erosita, banku zentrala bermatzen ari da finantza sisteman nahiko diru dabilela beharra duten enpresei eta familiei emateko, eta kredituaren fluxua ez gelditzeko. Gainera, estatuek merke eta erraz finantzatzeko modua dute, beti dagoelako zorraren azken erosle bat: EBZ.

Bada, PEPP programan ez dago aldaketarik, eta, 2022ko martxora arte, 1,85 bilioi euroko dotazioa izaten jarraitzen du. Merkatuentzat tabu bihurtu da tapering hitza, pizgarriak gutxitzen hasteari erreparatzen diona. Burtsetan, estatuen arrisku sarietan eta euroaren kotizazioan ere eragin handia izan dezake pizgarrien apaltzea iragartzeak. Une hori iritsiko da, baina oraingoz ez dago halakorik: hitz hori ez da aipatzen EBZren azken txostenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Pertsona bat, argindar konpainia baten goi tentsioko linea baten alboan. ©ELISEO TRIGO / EFE

Madrilek argindarraren BEZa urtea amaitu bitarte jaitsiko du, baina aldakorra izango da

Jokin Sagarzazu

%21etik %10era murriztuko da, eta hileko faktura sei euro merkatuko da batez beste. Hamar kilowatteko potentzia baino gutxiago dutenentzat izango da
 ©ISMAEL HERRERO / EFE
Iruñeko Caixabanken egoitza nagusian elkarretatzea egin zuten atzo, kaleratzeen aurka. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Caixabankeko langileek greba egin dute Hegoaldeko 140 kaleratzeak salatzeko

Joxerra Senar

Sindikatuen arabera, erantzun handia izan du lanuzteak, %80tik gorakoa. Taldeak ezarritako baldintzak «basatiak» eta neurrigabeak direla diote
Autobus elektrikoa, Irizarrek Adunan duen plantaren aurrean. ©M.A. / FOKU

Enplegu berderako gida

Imanol Magro Eizmendi

Trantsizio ekologiko egoki batek lan merkatuan izango lukeen eragin positiboa aztertu dute zenbait elkartek eta sindikatuk. Energia iturriak nazionalizatzea eta haien kontsumoa murriztea dira gakoetako batzuk.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.