Lau misil balistiko jaurtiz erantzun diote AEBek eta Hego Koreak Ipar Koreari

Seulek eta Washingtonek osatutako aliantzak esan du erakutsi nahi izan dutela «gaitasuna eta prestakuntza» dutela «probokazioari» aurre egiteko

SOUTH KOREAN DEFENSE MINISTRY HA / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ipar Koreak herenegun irismen luzeko misil balistiko bat jaurti zuen, Japonia gainetik igaro zena, eta, horri erantzuteko, Hego Koreak eta AEBek osatutako aliantza militarrak irismen ertaineko lau misil balistiko jaurti zituen atzo Japoniako itsasorantz. Hego Koreako armadak ohar batean jakinarazi zuenez, «aurreikusitako helburu birtualak» jo zituzten misilek. Ez dirudi, horrenbestez, aldeak Koreako penintsularen desnuklearizazioan aurrerapausoak emateko moduan direnik.

Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidenteak adierazi zuen Piongiangen maniobrari erantzungo ziotela, eta ordu batzuk geroago heldu zen lehen erantzuna: gerrako hegazkin batek «bonba zehatzak» jaurti zituen, simulatutako helburu batzuk jotzeko Itsaso Horian. Ondoren jaurti zituzten irismen laburreko misilak, baina AEBek eta Hego Koreak ez dute zehaztu ez nondik jaurti zituzten, ezta zein ordutan ere. Seulen arabera, misilak jaurtiz erantzunda erakutsi dute «gaitasuna eta prestakuntza» dutela «probokazioaren jatorria neutralizatzeko».

2017az geroztik aurrenekoz, Ipar Koreak jaurtitako misil bat Japonia gainetik pasatu zen, eta, Tokioren esanetan, 4.600 kilometro ibili zituen; Piongiangen misil batek inoiz egin duen distantziarik luzeena. Zeruan hogei bat minutu igaro eta gero, Ozeano Barean erori zen. Misila antzeman eta segituan, Japoniako Gobernuak abisu eman zien herritarrei. Herrialdearen iparraldeko Hokkaido eta Aomori eskualdeetako biztanleei eskatu zien babes har zezatela. Lurpeko babeslekuetan sartzea gomendatu zien.

Sateliteetako irudiek erakusten dutenez, Piongiangek beste misil bat jaurtitzeko asmoa du, eta hilabeteak daramatza hori prestatzen. Berri agentziek analistak aipatuz argitaratu dutenez, Txinako Alderdi Komunistaren kongresuaren ondoren egingo du —hilaren 16an hasi eta egun batzuk iraungo du—, Pekin ez asaldatzeko.

Bitartean, AEBek eta Hego Koreak segitzen dute beren aliantza militarra sendotzen. Azken urteotako maniobra militar handienak egin dituzte azkeneko asteetan, eta, Ipar Koreak herenegun jaurtitako misilaren ondoren, erabaki bat hartu dute: AEBetako armadaren hegazkinontzi bat atzera Japoniako itsasora itzultzekoa da. «Hegazkinontzi bat eta erasorako bere taldea berriro [itsasora] ateratzea oso ezohikoa da Koreako penintsulan», azaldu zuen, atzo, Hego Koreako armadak. «Erakusten du aliantzak duen erabakitasuna mehatxuei irmoki erantzuteko». Washingtonek eta Seulek joan den maiatzean adostu zuten «beharrezkoa denean» Pentagonoaren «aktibo estrategikoak» hedatzea Koreako penintsulan. AEBetako 28.500 bat soldadu daude Hego Korean.

Kamala Harris AEBetako presidenteordea Hego Korean egon zen joan den astean, eta adierazi zuen «Ipar Korearen probokazioek» areago indartuko dituztela bi aliatuen «disuasio eta erantzun gaitasunak».

Japoniaren eskaera

Hego Koreak eta AEBek lau misilak jaurti aurretik, Seulek irismen laburreko beste bat jaurti zuen, eta Gangneung hiriko —Seuldik 170 kilometrora— base militar baten barruan erori zen. Yonhap Hego Koreako berri agentziak iturri militarrak aipatuz kaleratu zuenez, misil horrek ez du biktimarik eragin, eta, zeraman erregaiak su hartu zuen arren, ez zen leherketarik izan. Tokiko hedabideen arabera, Gangneungeko biztanleek pentsatu zuten Ipar Korearen eraso bat zela. Seulek misila erori eta hamabi ordura baieztatu zuen gertatutakoa, eta barkamena eskatu.

NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun KontseiluaPiongiangek jaurtitako azken misilaz hitz egiteko bildu zen atzo arratsaldean New Yorken, eta Japoniak «irmotasuna» eskatu zion bileraren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.