Israelgo Gobernua Nakbako sarraskien jakitun zela azaleratu dute

Zenbait dokumentu desklasifikatu eta haiek argitaratzeak agerian utzi ditu palestinarren kontrako triskantzen hainbat xehetasun

Agure eta haur palestinar bikote bat, Nakba garaian ihesi. WIKIPEDIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Ez dakit zein aldetan dagoen [Israelgo] estatuarentzako arrisku handiagoa, arabiarren aldean ala gurean. Nire iritziz, gure oinarri moral guztiak kaltetuak izan dira». Haim-Moshe Shapirarenak dira hitzok, Israelgo Osasun ministro zen garaian esanak. Shapira Israelgo behin-behineko kabineteko ministro izan zen. Trantsizioko gobernua izan zen estatu judua eratzen ari zela, 1948ko maiatzetik 1949ko martxora. Garai horretan jarri zituen abian Israelgo armadak Palestinako herri ugari suntsitzeko operazioak, Nakba edo palestinarren exodo masiboa eragin zutenak —700.000 arabiarrek baino gehiagok utzi behar izan zituzten beren etxeak—. Oldarraldi militar horietan soldaduek egin zituzten sarraskien testigantzak pilatu zitzaizkion kabineteari mahai gainean. Gobernu bileretan ministroek izan zituzten elkarrizketei buruzko dokumentazioa ezagutarazi dute berriki, eta agerian gelditu da palestinarren kontrako triskantzek zenbait ministro asaldatu zituztela.

Shapirak «gerra garaian ere debekatuta» dauden ekintzak salatu zituen gobernu bileretan. «Erantzuleak zigortu behar dira». Hiru ministroz osatutako batzorde bat eratzea proposatu zuen krimen horien gaineko ikerketa bultzatzeko.

Arabiarren aurkako sarraskiengatik kezka agertu zuten ministro gehiagok ere. David Remezek nabarmendu zuen «judu eta gizaki kategoriatik» aldentzen zituztela gertaerek, eta Aharon Zislingek gau osoa esna pasatu zuela hilketa horietako bat kontatzen zuen eskutitz bat jaso ostean.

Gobernu bilera horietako aktak 1955. urtetik dira publikoak, baina Nakbari buruzko eztabaidak zentsuratuta egon dira orain egun gutxi arte. Israelgo Akevot ikerketa institutuak estatuari eginiko galde baten ondorioz azaleratu da elkarrizketa horien edukiaren zati bat.

Hiru sarraskiren lekukotzak

Dokumentuek ezkutuan ziren hiru triskantzen testigantzak jasotzen dituzte: Reineh, Meron eta Al-Burj herrietan gertatutakoak. Lekuko horiek azaltzen dute soldadu juduek nola hil zituzten Israelgo armadaren aurrean inolako erresistentziarik gabe amore eman zuten dozenaka arabiar. Hainbatetan, eraikin batean pilatu zituzten herritarrak, eta hura leherrarazi zuten palestinarrak barruan zirela.

Hulako masakreari buruzko informazio berria ere ageri da dokumentuetan. Herri horretako biztanle gehienek ihes egin zuten Israelgo armada hara iritsi zenerako, baina 60 herritar inguru bertan geratu ziren, eta soldaduen esku utzi zituzten beren buruak. 1948ko urriaren 31n hemezortzi herritar hil zituzten. Hurrengo egunean, beste hamabost. Bigarren hilketaren xehetasunak azaleratu ditu Shmuel Lahis komandantea sarraski horrengatik epaitu zuen auzitegiaren sententziak. Epaian ageri denez, Lahisek bakartutako eraikin batera eraman zituen hamabost herritarrak, eta pareta batera begira jartzeko agindu zien, lerrokatuta. Banaka egin zien tiro, eta amaitu zuenean berriz tirokatu zituen lurrean botatakoen artean bizi seinaleren bat agertzen zutenei. Auzitegiak zazpi urteko espetxealdira zigortu zuen, baina helegite batek urtebetera murriztu zuen zigorra. Armadaren base batean bete zuen, baldintza erosoekin.

Lahis izan zen epaitu zuten bakarrenetakoa. 1949ko otsailean, atzerako eragina zuen barkamen orokorra onartu zuen Israelek Nakba garaiko gerra krimen ororentzat.

David Ben-Gurion orduko lehen ministroaren gobernuak ez zuen neurri eraginkorrik hartu krimen horiek zigortzeko. Shapirak proposatu zuen komiteari eskumen «ahulak» eman zizkiotela salatu zuen ministroak berak, eta Ben-Gurionek hura desegitea erabaki zuen, bere funtzioa ez zuela bete argudiatuta. Fiskaltzaren esku utzi zuen gaia. Bi aste geroago, gaiaren gaineko txostena helarazi zion fiskaltzak gobernuburuari, eta dokumentua aztertu zuten kabinetean. Eztabaida horrek sekretupekoa izaten jarraitzen du, Akevot institutuak edukia desklasifikatzeko urteetan presio egin duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.