Zazpi migratzaile hil dira Lampedusako kostaldean, itota

Hamar migratzaile desagertuta daude oraindik ere, eta beste 46 onik atera dituzte. 20.000 lagun heldu dira uhartera urte hasieratik

Zenbait pertsona Lampedusara iritsi berritan, iaz. ELIO DESIDERIO / EFE.
Erredakzioa
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gutxienez zazpi migratzaile hil ziren atzo Lampedusako kostaldean (Italia), beren ontzia irauli ondoren. Haurdun zegoen emakume bat dago hildakoen artean. Horiez gain, itsasontzian zihoazen beste hamar lagun desagertuta zeuden atzo arratsaldean oraindik ere. Luiggi Patronaggio fiskalak hartu du ikerketaren ardura, eta hark eman zuen desagertuen berri ere. «Uste dugu Tunisiatik irten zirela», azaldu du fiskalak, zeina Siziliako Agrigento hiriko magistratuekin elkarlanean ari den.

Italiako kostazainek plazaratutako oharraren arabera, laguntza dei bat jaso zuten ontzitik, eta kostazainen bi itsasontzi bidali zituzten tokira. «Iritsi ginenean, ontzian zeudenetako batzuk, handik ateratzeko presaz, mugitu egin ziren kolpetik, eta ziurrenik horrek berak eragin zuen hura iraultzea», azaldu zuten. Kostazainek lortu zuten 46 pertsona inguru ateratzea hura irauli aurretik. «Bihotza urratzeko modukoa da Mediterraneoko azken tragedia hau. Ez dakit zer gehiago gertatu behar den Italiak eta Europak uler dezaten egoerak ezin duela horrela jarraitu», gaitzetsi zuen Toto Martellok, Lampedusako alkateak.

Uharteko komunikabideek zabaldu zutenez, 250 migratzaile heldu ziren uhartera asteartetik asteazkenerako gauean. Azken urteetan Italiara heldu diren pertsonen kopuruak behera egin duen arren, urte hasieratik berriz handitu da. Urtarriletik 20.000 bat lagun heldu dira Lampedusara, baina haietako asko iritsi bezala kanporatzen edo eramaten dituzte Greziara, handik deportatuak izateko.

Aegean Boat Report atariaren arabera, ekainaren 14a eta 20a bitartean hamazazpi ontzi abiatu ziren Turkiatik Greziako uharteetara, orotara 612 bidaiarirekin; baina horietatik soilik bakarra heldu zen helmugara; gainontzeko guztiak itzularazi egin zituzten, kostazainek Greziako uretan sartzea debekatuta. Turkiako kostazainek, berriz, 261 ontzi atzeman dituzte urtea hasi zenetik; 8.097 pertsona guztira. Ankarak maiz leporatu izan dio Atenasi Grezia aldera doazen ontziak geldiarazi eta itzularaztea. Turkiak, berriz, diru laguntza gehiago eskatu dio Bruselari «iheslarien krisia» kudeatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.