«Susperraldi motel baten hasiera» sumatu dute zinemek

Iaz, aurreko urtearen aldean, EZAE elkarteko zinema aretoetan %44 handitu ziren diru sarrerak, eta %36 ikusleak. Hala ere, izurriaren aurreko datuak ez dira leheneratu oraindik

Donostiako Principe zinema aretoen ataria, iazko urtarrilean ateratako argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Iazko urtearen balantzea egin du EZAE EAEko Zine Aretoen Elkarteak, eta bi ondorio nagusi nabarmendu ditu: batetik, joan den urtean aretoak «indarra berreskuratzen» hasi zirela; eta, bestetik, urrun daudela oraindik pandemiaren aurreko egoeratik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hogei bat zinema areto biltzen ditu elkarteak gaur egun, eta, haren datuen arabera, 2021. urtearekin alderatuta, % 44 handitu ziren iaz aretoen diru sarrerak, eta %36 ikus-entzuleak, batez ere azken hilabeteetan. Zenbaki «itxaropentsu» horiek ikusita, «susperraldi motel baten hasiera» nabaritu du EZAEk, baina «ezinbestean laguntza ildo iraunkorrak» beharko dituztela ere aurreikusten du.

Izan ere, osasun krisia dela medio, garai ilunean bizi izan ziren aretoak hilabete luzez, eta galera handiak sumatu zituzten bai ikusle kopuruaren eta bai diru sarreren aldetik. EZAEk gogorarazi duenez, elkartea osatzen duten aretoek 3,3 milioi ikusle galdu zituzten 2020an, pandemiaren aurretik aretoetara joaten zirenekin alderatuta. 2021. urtean, aldiz, 2,7 milioi ikusle gutxiago izan zituzten, eta iaz, 2 milioi gutxiago. «Guztira, 2019tik 2022ra metatutako guztizko kopuruak 8 milioi ikusleren galera utzi du agerian», azpimarratu du elkarteak.

Diru sarreretan ere galera nabarmenak ekarri zituen horrek. Elkarteak emandako datuen arabera, 2019an, aretoek 28,1 milioi euro bildu zituzten, eta, iaz, 16,8 milioi euro; ikus-entzuleak, berriz, 4,7 milioitik 2,7 milioira gutxitu ziren. Beste era batera esanda: diru sarreren % 40 eta ikusleen % 43 galdu dituzte aretoek 2019. urtearekin alderatuta, zeina izurriaren aurreko erreferentzia urtetzat hartzen duten.

Lurraldeka, Arabak galdu dugehien 2019. eta 2022. urteen arteko alderaketan —diru bilketak% 44 egin du behera han, eta % 47 ikusleek—. Bizkaian, berriz, diru-sarrerak % 40 jaitsi dira, eta ikusleak % 43; eta Gipuzkoan, diru bilketa % 37 eta ikusleak % 40 murriztu dira.

Sektorearen beharrak

Elkartearen ustez, oraindik ere «larriki kaltetuta» dago sektorea, eta, ikusleak berreskuratzeko beste laguntza batzuez gain, «premiazkoa eta beharrezkoa» ikusten du berau berrantolatzea, eta estreinaldi orori «100 eguneko leiho esklusiboa» ezartzea.

Gogorarazi duenez, Espainiako Zinemaren Legeak hiru hilabeteko leihoa ezartzen zien laguntza publikoa jaso zuten filmei, harik eta 2015. urtean neurria indargabetu zuten arte; bestalde, Frantzian eta Italian antzeko irtenbideak hartu dituzte, aretoei krisialditik ateratzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.