urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Autodeterminazioa Parisen

2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Lerro gutxi batzuk bai, baina oihartzun handirik ez du izan gaiak: Parisen autodeterminazio-erreferendum baten oinarria adostu berri dute. Kaledonia Berriko herritarrei galdeketa egitea joan den mendetik dago erabakita, gatazka armatuari amaiera eman zion 1998ko Noumeako akordiotik. Baina hortxe ikusi berri ditugu, azaroa hastearekin bat, Pazifikoko nazioak frantses segitzea nahi dutenak eta estatu independentea eratzea hobesten dutenak, Edouard Philippe lehen ministroarekin. Negoziazio asko dituzte aurretik oraindik ere, besteak beste data eta galdera zehaztu behar dira. Azken bileren ondorioz, boto-eskubidea izango duten 11 mila herritar berri erroldan sartu dituzte, horietatik zazpi mila kanak melanesiarrak, eta europar jatorrikoak beste lau mila. Zer gerta ere, urtebete barru Kaledonia Berriko biztanleek independentzia-erreferenduma egingo dute. Ozeaniako nazioak Parisi loturik segi dezan egingo omen du kanpaina Frantziako Gobernuak, eta inkestek orain bertan unionismoa independentismoaren aurretik doala diote. Baina datozen hamabi hiletan jarrerak aldatu eta estatu independentearen aukera nagusituko balitz, Hexagonoan gutxi nabariko zen XIX. mendetik Frantziarena izandako lurralde baten galera, uharteotan munduko nikel ekoizpenaren laurdenak egonda ere. Kaledonia Berrian independentziaren alde bozkatzen badute, bandera jaitsiko du Frantziak, XX. mendean munduko hainbat lekutan egin zuen legez, eta automatikoki estatu berri bat sartuko da NBEn. New Yorkeko egoitzan 194. aulkia izango dute, inongo arazo eta oztoporik gabe. Eta ezetza nagusituta ere, Noumeako akordioek beste bi erreferendum iragartzen dituzte hurrengo urteetan.

Deskolonizazioaren testuinguruaren ohikoak diren elementuak ditu Kaledonia Berriak. Erroldatik hasita, mugatua baita: kanak indigenek (biztanleen ehuneko 45) eta Europatik aspaldi joandakoen eta haien ondorengoek baino ez dute parte hartzerik. Zerk bereizten duen kolonia eta kolonia ez dena? Autogobernua eta ñabardura juridikoak gorabehera, sarritan saltwater test edo ur gaziaren testaren arabera ebatzi izan da: Europako metropolia eta itsasoz haraindi beste kontinente batean ote dagoen, alegia. Nazio Batuen kolonien zerrendan ageri diren lurralde guztiak metropolitik urrun daude, itsasoa tartean (Sahara Mendebaldea ere bai, hor metropoli koloniala Espainia da). Zerrenda horretan egoteak automatikoki autodeterminazioa eta independentziarako eskubidea dakar, deskolonizatu beharreko lurraldea baita nazioarteko legediaren arabera. Hala, Frantziako Polinesia zerrenda horretan dago azken lauzpabost urteotan, hamarkada askoan hortik kanpo egon ondotik. Puerto Ricoko kasua are argiagoa da: bertako herritarrek ez dute Estatu Batuetako presidentea edo Kongresu eta Senatuko ordezkaririk hautatzerik, nahiz eta erakunde horien erabakiek ere gobernatzen duten uhartea. Estatu Librearen falazia inoiz baino nabarmenagoa da.

Hortik kanpoko errealitateek ere askotan salatzen dute egoera koloniala dutela. Pariseko eliteak gehiegitan adierazi du nagusitasun eta mespretxu kolonial hori periferian, Euskal Herrian zein Korsikan. Espainiak Katalunian ezarri berri duen 155. artikuluak kolonia egoeran jartzen du Mediterraneoko nazioa. Baina kolonialismoaren eta nazio okupatuaren argudioak ibilbide laburra dauka Europan, eta zureek baino ez badizute erosten, arrazoi izatearekin konformatuko zara gehienez ere, baina zure helburuetatik oso urrun.

Paradoxikoki, NBEren zerrendan dauden lurralde gehienek —ia guztiak britainiar koloniak— gogo onez onartzen dute egungo egoera: ia independente dira, Londresek ezarritako gobernadore ia sinboliko batekin, baina pasaportean munduko estatu garrantzitsuenetako bateko herritar zarela adieraziz. Mundua dabilen eran, oso zaila da ordura arteko Europako estatuari agur esatea, horrek, demagun, europar herritartasuna galtzea badakar.

Frantziako Errepublikak erakutsi du ahidura zantzurik aurten, dena aldatzeko itxuran ezer ez aldatzea gertatu den arren. Baina jakobinismo itsuenean ere, gai da unean uneko erronkei erantzuteko, Kaledonia Berria adibide. Abenduan Korsikako hauteskundeetan autonomistek eta independentistek gehiengoari eusten badiote, interesgarria izango da zein jarrera hartzen duen hor ere. Polinesia Frantsesean unionismoa da orain nagusi, baina noizbait han ere erreferenduma egin beharko da. Ahal beste entzungor egin, baina presio politikoa igotzen delarik, badu erantzuteko gaitasunik orain arte Errepublikak.

Europako estatu zentralistenetakoak autodeterminazioa normaltasunez eztabaidatzen zuen artean, Espainiak katalanek bozkatutako gobernuko ministroak preso politiko egiten zituen Gaztelako espetxeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.