urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Zipre, ezin batasuna lortu

2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Astelehenean, milaka lagun irten ziren Nikosiako kaleetan. Greziar-zipretarrak eta turkiar-zipretarrak elkarrekin, uhartearen batasuna aldarrikatzeko. Asteak dira irlaren batasuna hurbil dagoela ohartarazten ari direla, eta astelehenean azken akordioa erdiestea espero zen. Alabaina, bizpahiru gai arantzatsu —baina, teorian, txiki— ezin izan zituzten adostu eta negoziazioen etena baino ez zuten iragarri. Berriz ere, urrundu egin da Zipre batuaren ideia. Turkiak, azkenaldian erakutsi ohi duen amorrazioa lagun, iparraldearen anexiorako deiren bat ere egin du. Egun milaka tropa dituen lurraldean sartzeko bisatua beharko lukete turkiarrek, Europar Batasunaren baitan dagoen estatu bateratua eratuko balitz. Ez da Ziprek agerian daukan paradoxa bakarra.

Turkian egon aurretik Turkia ezagutzeko aukera eman zidan Ziprek, baita Grezian inoiz egon baino lehen Grezia ezagutzeko ere. 2004 zen. Autoa alokatzerakoan, ez zeukaten oraindik argi zein zen turkiarren menpe dagoen iparraldera joateko araudia. Ordura arte, autoek ez zuten uhartea zatitzen duen kasko urdinek patruilatutako Lerro Berdea igarotzerik, baina maiatz hartan herrialdea Europako Batasunean sartu zen. Nazioarteak errekonozitutako Zipreko Gobernuak (uhartearen hegoaldekoak, greziarrak), turkiarren menpeko iparraldera egun-pasa joaten uzten zuen gehienez ere, baimen berezi batekin, baina Lerro Berdeko pasabide bakarra iluntzean ixten zuen eta bisitariak bueltan behar zuen ordurako. Turkiarrek 1974an okupatutako eremuak eta haren lekuan 1981ean aldarrikatutako Ipar Zipreko Turkiar Errepublikak ez dauka Ankaraz gain beste aitortzarik. Beraz, nazioarteko ikuspegitik, estatu legitimo bakarra Zipreko errepublika da, eta bi heren baino kontrolatzen ez baditu ere, uharte osoaren gaineko aitortza egiten dio nazioarteak. Hau da, laburbilduz, Europako Batasunaren ikuspegitik uharte osoa sartu zen 25en klubean. Horren ondorio bat da Turkiak Europako Batasuneko zati bat okupatzen duela; beste bat, berriz, Zipreko estatuak ez daukala herritarren mugimendua mugatzerik eta, beraz, iparralderako bisitak ere mugagabeak izan daitezkeela. Uhartearen bi aldeak lasai bisitatzen genituen lehenetakoak ginen 1974tik.

Europan irudikatzen badugu ere, Ekialde Hurbilari dagokio Zipre: Libanoko kostaldetik Greziatik baino askoz hurbilago dago. Leku estrategikoa du, eta hala bereganatu zuen Erresuma Batuak 1878an, Otomandar Inperioarekin adostuta, Errusiaren aurkako gerran turkiarren aliatu izateko tsarraren aurrean (Joko Handiaren garaia zen, Londresen kolonia kutunenaren, Indiaren, mehatxu bihurtu baitzen Errusia Asia Erdialdean). Suezko kanala ireki berri, garrantzi berezia zeukan Ziprek Mediterraneoan, sei mende lehenago Jerusalem hartzeko Gurutzadetan Richard Lehoi-Bihotzekin izan zuen legez (Limassolgo gazteluan ezkondu zen Nafarroako Berengelarekin). Otomandar gainbeheratik apartean gelditu zen uhartea, ez zituen Balkanetako gerrak jasan, ez eta 1923ko biztanle-truke ankerra ere; greziarrak eta turkiarrak elkarren aldamenean bizi ziren azkeneko lekua izan zen Zipre. Baina irla-izaerak identitate propioa garatzen lagundu ohi badu ere, zipretar nortasun nazionalik ez da izan. Deskolonizazioaren sasoian enosis (batasuna) hitza nagusitu zen Zipreko pintadetan; 1820ko hamarkadan Greziako estatua sortu zenetik zetorren ametsa zen Atenasekin bat egitea. Garaiko euskal mugimenduetan eraginik izan zuen EOKA gerrilla ere antolatu zuten zipretar-greziarrek, eta divide and rule estrategia zaharrari jarraikiz, tentsio etnikoak piztu zituen Londresek, gutxiengo turkiarrari aginte eta polizia-rolak emanda. Inor gutxik nahi zuen independentzia iritsi zen, beraz, biztanle gehienek estatu bereizi baten ordez auzo-estatuarekin, Greziarekin, bat egitea amestu arren. Irlandaren antzera ugarituz joan ziren eraso sektarioak. 1974ko udan Greziatik koronelek gidatutako estatu-kolpe baten ostean, Turkiak erantzun, eta gutxiengo turkiarra babesteko aitzakian uhartea okupatu eta zatitu egin zuen. Malvinek Argentinako diktaduraren gainbehera ekarri zuten legez ekarri zuen Ziprek Greziako kolpisten hondamendia, baina uhartearen zatiketa hor dago oraindik.

2004an Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak prestatutako proposamena erreferendumera eraman zuten, uhartea batuta sar zedin EBn. Turkiak hamarkada luzez negoziatu eta sartzea lortu ez, eta aitortzarik gabeko estatu bateko turkiar-zipretarrak EBko herritar izango zirenez, baiezko entusiasta eman zioten. Greziarrek ezetz bozkatu zuten, ordea, besteak beste 1974an kendutako ondasun eta etxaldeak itzultzea eskatzen baitute. Zer gerta ere greziar-zipretarrak EBko herritar bihurtuko zirenez, baietz bozkatu beharrik ere ez. Hamabi urte joan dira ordutik, eta negoziazioak estatu konfederal baten diseinura ekarri ditu bi aldeak. Auziak luzeegi jo du eta zipretar belaunaldi berriak batasuna gura du. Asteon ez da izan, baina aurki izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.