Kultur kontsumoaz gogoeta egin dute 'Jakin'-en

'Zenbat gara? Kultur kontsumoaren aukerak eta mugak' izenburua du 'Jakin'-en 226.ak. Hainbat ikerlarik eta adituk hizpide izan dute Siadecoren eta Elkarren azterketa

Arrese, Osa eta Iturbe, Jakin-ek maiatzean antolatutako Zenbat gara? Nondik jo? jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Joan den martxoan argitaratu zuten Siadeco ikerketa taldeak eta Elkar Fundazioak kultur kontsumoaren inguruko ikerketa, eta neurketa hori esku artean, Jakin aldizkariak datu horien atzean dauden portaerak, hutsuneak eta erronkak aletu ditu hainbat adituren eskutik. «Zenbat gara euskal kultura kontsumitzen dugunak?», galdera horri erantzuteko asmoz bildu dituzte Josu Amezaga EHUko Soziologia irakaslea, Gorka Arrese editorea, Arantxa Iturbe kazetaria eta idazlea, eta Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria. Juanjo Allur Siadecoko ikerlariak eta Joxemari Sors Elkar Fundazioko kideak ere egin dute azterketaren laburpena, eta Joan Mari Torrealdaik 2016ko euskal liburugintzaren azterketa ere egin du Jakin-en 226. zenbakian.

Ikerketak euskalgintzako eta kulturgintzako hainbat eragileren kezka piztu zuen: euskaldunen laurdenek aitortu zuten ez zutela euskarazko hedabiderik edo libururik irakurtzen. Ohikoan euskarazko literatura kontsumitzen dutenak, gainera, %6 besterik ez dela argitara eman zuen ikerketak. Maiatzean antolatu zuen Jakin Fundazioak Zenbat gara? Nondik jo? jardunaldia. Bertan izan ziren Amezaga, Arrese, Iturbe eta Osa, eta guztiek nabarmendu zuten datu kezkagarri horien aurrean behar zirela eragileen arteko aliantzak. Aldizkariaren zenbaki berri honetan, are sakonago azaltzen du bakoitzak bere hausnarketa.

Datuak, gogoeta, erronkak

Hain justu, Allurrek ikerketaren laburpen zehatza jasotzen du aldizkarian. Euskal kultur kontsumo apalaren aurrean, elkarguneen beharra azpimarratu du Sorsek: «Merkatuaren neurria txikia da, eta eskatzen dute euskal ekoizpena gizarteratzeko politika eraginkorragoak pentsatzea».

Kezka ekonomikoaz eta kezka kulturalaz aritu da Iturbe. Ikerketaren emaitzak eskasak direla azpimarratu du, baina kritika ere egin du: «Sortzaileak ahaztu egin direla uste dut». Hizkuntzaren atxikimenduaz gaindi, kulturarekiko zaletasuna sustatu behar dela adierazi du. Amezagak ere kontsumo datuez harago egin du hausnarketa: «Kultura eta hizkuntza dira euskaldunoi izateko motiboa ematen digutenak».

Arreseri «etsigarriak» zaizkio ikerketaren datuak, merkatuaren arabera aritzea dakarrelako zifren gainean eraikitako errealitateak, eta egoera duintzeko eskatu du euskara lehentasunezko hizkuntza gisa ezarriko duen «kontratu soziala». Bat egin du Osak: «Euskararekiko hautuak jarrera aktiboa, kontzientea eta politikoa eskatzen du». Argi dauka kulturgileen eta hartzaileen arteko zubiak eraiki behar direla, eta kultur ekosistema osatzen duten eragile guztien elkarlana ezinbesteko ikusten du bide horretan.

2016an Euskal Herrian ekoiztu ziren liburuen azterketa egin du Joan Mari Torrealdaik. 2.061 liburu guztira, aurreko urtean baino %18 gutxiago. Hezkuntzak pisu nabarmena du ekoizpenean, %38 hain zuzen ere, baina, Torrealdairen ustean, larritzeko modukoa da euskarazko hezkuntza proiektu gehienak Euskal Herritik kanpo diseinatutakoak direla, «beste eta bestelako curriculum proiektuen arabera landuak».

Datuak datu, egoera iraultzeko beharra biltzen du azken Jakin-ek. Guztiek eskatzen dute, finean, gauza bera: elkarrekintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.