Jolasaren bidez, aroak imajinatu eta eraldatu

Priscila Fernandes artista portugaldarraren 'Zaldiek amesten dutena' dago ikusgai Tabakaleran, Donostian. Haurrei arte garaikidea hurbiltzeko proiektuaren parte da hirugarren edizioa

Priscila Fernandes, atzo, Tabakaleran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Dialektika maite du Priscila Fernandesek (Coimbra, Portugal, 1981). Bereziki hezkuntzaren, jolasaren, lanaren eta aisialdiaren arteko elkarrizketak sortzea du ogibide. Ikertu egiten ditu, eta erakusgai jarri gero instalazio, pintura, bideo edo liburuen bidez. Haren lanek askatasun indibidualaren eta kolektiboaren inguruko galderak sortzea dute ardatz.

Zaldiek amesten dutena erakusketa jarri du Tabakaleran (Donostia). Situ-akzioak proiektuaren hirugarren edizioa du atzean: egitasmoaren xede nagusia da arte garaikidea haurrei hurbiltzea. Trintxerpe-Pasaiako (Gipuzkoa) IPI Karmengo Ama eskolako ikasleen laguntza izan du horretarako.

Situ-akzioak da zentzumenak aktibatzeko, arteaz gozatzeko, ikasteko eta esperimentatzeko asmoz Tabakaleran sortu zuten proiektu bat. Hainbat familiarekin diseinatu zuten lankidetzan, helburu jakin bat zuelako prozesuak: parte hartzeko eta zentzumenak aztertzeko leku bat sortzea.

Zentzumenak aktibatuko dituzten elementuen, materialen eta testuren bidez, esploratzeko eta espazioan mugitzeko hainbat modu diseinatu izan dituzte aurretik Julio Le Parc eta Emma Kunz artistek: mendi baten maldan zehar filmatzea, pendulu batzuen gainean kulunkatzea, edota koba batean sartzea.

Hirugarren aldi honetan, heroiak jarri ditu ezbaian Fernandesek. Haren arabera, krisian baitaude: «Historia nahasia dela ulertzen dugu gure heroiak ikasi ahala. Batzuk goraipatu egiten ditugu, eta beste batzuk ahaztu. Kolonizatzaileen botere eta garaipenak ikasten ditugu haien indarkeria eta dominazioa zalantzan jarri gabe; lehen goraipatzen zirenenen estatuak botatzen ari dira orain». Norbanakoek, kasu honetan haurrek munduko gertakariekin dituzten harremanak aztertu, eta espazio bat proposatzen die, artearen bidez «ihes egiteko». Hartara, publikoak heroi figuraren jabetza eskuratu dezan.

Izenburuari keinu egin, eta, boterea zein pribilegioa zalantzan jartzeko eratu du Zaldiek amesten dutena Fernandesek. Erretorikoki hartzen du zaldia, jabearen menpe egotetik askatasunerako trantsizioari erreferentzia eginda.

Erakusketak, oinarrian, mural handi bat du, eta Tabakalerako Lau Pareta aretoan ikusgai dago. IPI Karmengo Ama eskolako haurrek egin dituzten marrazkiak ageri dira bertan, baita hainbat familia talderenak ere. Fernandes: «Eskatu genien etorkizuna irudikatzeko, nolako mundua imajinatzen zuten hemendik 40 urtera». Artistak, ondoren, «zinikoki», orainaren inguruko marrazkiekin osatu zuen horma irudia.

Mozorroak eta poemak

Ez da hori ikusgai dagoen obra bakarra, baina. Murala dozena bat zaldi mekanikok inguratzen dute. Familiek diseinatu dituzte animalien buruak eta «espazioan zehar lauhazka ibiltzeko balio dute». Aretoaren erdian, plataforma bat jarri dute, eta mozorroak eta poemak ditu nahi duenarentzako eskuragarri.

Begiratu, entzun edo lauhazka ibili. Hori proposatzen du artistak bere erakusketa berriarekin: «Araurik gabe; ozen irakurri daiteke, musika erritmikoki jarraitu edo nork berea asmatu dezake. Zaldiek amesten dutena kontakizunak jolasaren bidez imajinatzeko eta eraldatzeko sortua da».

Irakurgai egongo diren poemak berariaz sortu dituzte erakusketarako. Rusted Armour, Skin of Dreams [Armadura herdoildua, ametsez betetako azala] du izena bildumak eta Fernandesek Terje ×verasekin egin ditu elkarlanean. Olerki liburua ondu dute zaldi-eskulturek dituzten beharrak azaltzeko. Poemek irudikatu egiten dute zaldiek euren jabeak abandonatzen dituzten unea. Musika Fran MM Cabeza de Vacak egin du.

Erakusketa abuztuaren 27ra arte egongo da eta asteburuetan, saio dinamizatuak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.