Zoriari nola izkin egin

Iker G. Rikeren 'Patuaren zurrunbiloan' eleberri beltza plazaratu du Ereinek. Iraitz Urkulo itzultzaileak ekarri du euskarara

Iker G. Rike bere estreinako lana eskuetan hartuta, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Pultsu ilun bat, gizartearen erakusleihoetan distiraz agertu ohi den mundu argitsu baten kontrastean. Enpresen mundua, boterea, prestigioa, neurririk gabeko anbizioa, gehiago eta gorago gura izatea. Gertutik ezagutzen du mugimendu hori Iker G. Rikek (Bilbo, 1978), eta hura bihurtu du bere lehen nobelaren zoru. «Nobelak nahiko du errealitatetik: lankide, bezero, unibertsitateko irakasleen bizipenak daude bertan. Etikatik kanpo dauden hainbat joera izan ezik, bertan agertzen den guztia horrela gertatzen dela ziurtatu dezaket».Ingeniaria da Rike, eta Madrilen bizi da. Han argitaratu zuen estreinakoz Patuaren zurrunbiloa, gaztelaniaz. Iraitz Urkulok euskaratu du, eta Ereinek argitaratu.

Asier Escribano da liburuko protagonista, lehen itxura batean «eskrupulu handirik gabeko» enpresa gizon bat, ustez bizitzan «den-dena» daukana, baina gehiago nahi duena. Eibarren (Gipuzkoa) egiten du lan, trenaren sektorean. «Modernizazio prozesuak martxan daude mundu guztian, eta horrek aukera ematen dio diru asko maneiatzen duen jendearekin harremanetan sartzeko.Hor ikusten du dirua modu erraz batean egiteko era bat, eta horretarako estrategia bat garatzen du». Gutxinaka, «espiral» batean harrapatuta topatuko du bere burua, ekintza kriminaletan nahasita ikusi arte.

Eta hor agertuko litzateke liburuaren «premisa nagusia», galdera forman: «Zer gertatuko litzateke nire bizitzako azken eguna aldez aurretik ikusteko aukera izango banu? Benetan jakin nahiko nuke? Zer modutan baldintzatuko luke horrek nire bizitza momentu horretatik aurrera?». Eta batez ere: posible litzateke amaiera aldatzea? Horri lotuta baitago kontakizuna abiatzen duen gertakaria: erritual baten bitartez, bost hilabete barru gertatuko den erailketa baten berri izango du Escribanok, zeinetan tartean izango den bera ere. Informazio hori irakurleak eta protagonistak izango dute, baina ez liburuan agertuko diren gainontzeko pertsonaiek. «Irakurleak ere badaki Escribanoren patua zein den, eta horrekin jokatzea bilatu dut».

Baina izango du bilakaerarik pertsonaiak, eta, hasieran harekin «enpatizatzea» zaila izango bada ere, haren jokaeren arrazoiak nondik etor daitezkeen ikusten joango da irakurlea. Iñaki Aldekoa editorearen esanetan, azkenean bera ere «sistema baten biktima» delako; «goikoak berarekin horrela portatzen dira, eta berak ere hori egiten du. Buelta emango dio gero, ordea».

Gidoigintzako eskarmentua

Lo-suman egon zen gau batean agertu zitzaion liburuaren «lehen pindarra» Rikeri; orduan heldu zitzaizkion lehen pertsonaiak, paisaiak... Duela hamar urte izan zen hori, eta ia hamarraldi bat hartu du horri guztiari behar zuen forma emateko.

Gidoiak idatzi izan ditu aurretik, baina liburu bat idaztea oso bestelako langintza dela dio. «Gidoi bat idazten duzunean, ahalik eta gehien esaten saiatu behar duzu ahalik eta hitz gutxienak erabiliz; gero hor dago kamera. Baina hemen guzti-guztia paper gainean jarrita utzi behar da». Aldekoaren arabera, ordea, kutsu zinematografikoa du eleberriak. Zientzia fikzioaren ukituak, maitasun kontuak, thrillerren erritmoa eta beste ere baliatu ditu egileak, eta mezu aipagarri bat utzi, editorearen ustetan: «Ustez arrakasta izateko erakutsi diguten bidea desikasiko du protagonistak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.