Epaileak preso sartu du Itxaso Zaldua

Euskal preso ohiak ukatu egin du Gimenez Abaden hilketan parte hartu izana. Pedraz lekuko baten identifikazioan oinarritu da

Beasaingo CAFeko langileen elkarretaratzea, atzo, Itxaso Zaldua lankidearen atxiloketa salatzekoa. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe espetxera bidali du Itxaso Zaldua euskal preso ohia, 2001ean Manuel Gimenez Abad senatari eta Aragoiko (Espainia) PPko presidentearen hilketan parte hartu izana egotzita. Gutxienik, atentatuaren laguntzailetzat jo du, Efe berri agentziak iturri juridikoak aipatuz zabaldu duenez. Epaileak oinarri hartu du atentatuaren lekuko batek argazki batean ustez Zaldua identifikatu izana, eta Guardia Zibilaren txosten bat ere aintzat hartu du. Autoan dio Mikel Karrerak eta biek ETAren Basajaun komandoa osatzen zutela orduan. Zalduak ukatu egin du 2001eko eraso hartan parte hartu izana. ETAk hil zuen Gimenez Abad, Zaragozan, 2001eko maiatzaren 6an.

Atzo goizeko hamarrak aldera Espainiako Poliziaren egoitza nagusian deklaratu zuen, Madrilen: Poliziak gauza bera leporatu zion, eta atxilotuak gauza bera erantzun zuen. Pedraz epailearen aurrean 13:00 aldean deklaratu zuen, Madrilen. Bietan, harekin izan zen Aiert Larrarte defentsa abokatua. Zaldua espetxera bidali ondoren kendu zion epaileaksekretua sumarioari.

Euskal preso ohia herenegun atxilotu zuten, Hernanin (Gipuzkoa), CAFen Beasaingo (Gipuzkoa) lantokira lanera zihoala. 2005ean ere atxilotu zuten Zaldua, Lannemezanen (Okzitania), ETAko kidea izatea egotzita, eta hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2017ko abuztuan geratu zen aske, zigorra bete eta Espainiaratua izan ostean.

CAFeko langile batzordearen eskariz, Beasaingo lantokiko hainbat beharginek ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzea egin zituzten atzo goizean.

Sortuk adierazi du «kezka eta haserrea» eragin dizkiola epaileak Zaldua espetxeratzeko aginduak. «Kasu honetan ere, sakoneko estatuak erakutsi digu ez duela gatazka politikoa gainditzeko inolako borondaterik. Beste modu batean esanda, eskuin mutur polizial, judizial eta mediatikoak euskal independentismoaren kontra abian jarritako beste maniobra bat da; noiz eta orain, euskal jendartean espetxe politika aldatzeko inoizko adostasunik zabalena dagoen honetan, eta independentismoak hautetsontzietan etenik gabe gorantz jarraitzen duen honetan». Bake, bizikidetza eta askatasun jokaleku berri bat aldarrikatu ditu Sortuk, eta Espainiako Estatuari eskatu dio bide politiko eta demokratiko hutsen alde egiteko. «Arduraz jokatzeko garaia da».

Zalduaren espetxeratzea salatzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Sortuk.

Patxi Ruizen idatzia

Patxi Ruiz euskal presoak (AEM ingurua), Amnistia Ta Askatasuna webgunera bidali duen artikuluan, jakinarazi du bere osasunaren «larriagotze edo zorigaiztoko amaiera batek» ekar zezakeen egoera dela-eta utzi zuela gose greba, ekainaren 10ean. 31 egun egin zituen baraualdian. «Zapore mingotsarekin» utzi zion protestari, helburuak lortu ez zirela aitortuta, baina nabarmendu du «balio handia» ematen diela gose greba garaian izandako mobilizazioei. Eskerrak eman ditu. «Sortutako mugimendua hazteko garaia» dela adierazi du, eta xedetzat jarri du «preso politiko guztiak, militantzia politikoko ereduetan bereizketarik egin gabe, askatzea lortu arte» mobilizatzea.

Murtzia II kartzelan (Espainia) daukate Ruiz, eta, besteak beste, espetxeak bere osasuna bermatzeko eta euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko eskatu zuen. Artikuluan, esan du bere bizia orain ez dagoela lehengo «arrisku berean», «hormaren bi aldeetan egindako borrokari esker».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.