7.151 salaketa jarri ziren bortxa matxistagatik iaz Hegoaldean

%9,3 jaitsi zen salaketa kopurua, 2019an baino 737 gutxiago jarri zirelako. Adituen arabera, datuak ez dira «errealak», izurritearengatik

Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistagatik jarritako salaketen kopurua %9,3 jaitsi zen Hego Euskal Herrian iaz, 2019ko datuekin alderatuz gero. 2020an 7.151 salaketa jarri zituzten, aurreko urtean baino 737 gutxiago, Espainiako Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako behatokiak emandako datuen arabera.

Emakumeen egoeraz gainera, biktima izan diren adingabeen kopurua ere jaso du txostenak, eta, ondorioztatu dutenez, iaz 24 adingabek jasan zituzten indarkeria egoerak. 2019an ez zuten kasu bat ere jaso, eta, beraz, igoera nabarmena izan da. Behatokiko kideek ohartarazi dute izurriteak eragindako krisiaren «ondorio zuzenak» direla dokumentuan jasotako datu horiek, eta, batez ere, konfinamenduko lehen hilabeteetakoak.

Behatokiak, ordea, azaldu du beherakada ezin dela «baikortasunerako arrazoia» izan, datuak ez direlako «errealak». Izurritean hainbat emakumek eta adingabek egon behar izan dute erasotzaileekin batera etxean sartuta, eta laguntza eskatzeko aukerak ere murritzak izan dituzte.

Erasoak jasan dituzten emakumeen eta adingabeen babesari dagokionez, orotara, 945 agindu abiarazi zituzten epaitegiek iaz, aurreko urtean baino %29,8 gutxiago. Horietatik hamar eskaera ez ziren onartu, 350 ukatu egin zituzten, eta 585, onartu.

Salaketak jasotzeko erak zeintzuk izan diren ere biltzen du txostenak. 2020ko azken lauhilekoko datuen arabera, esate baterako, ondoriozta daiteke bortizkeria matxistaren biktima gehienek polizia etxeetara jotzen dutela salaketa jartzera. Hegoaldean, 1.028 emakumek egin zuten hautu hori iazko azken hilabeteetan. Hala ezean, familiako kideek jartzen dute salaketa. Bestela, biktima edo ingurukoren bat zuzenean joan ohi da epaitegietara, Poliziak zuzenean esku hartzen du edo laguntza zerbitzuetatik ere salaketak jarri ohi dituzte.

Ezarritako zigorrak

Prozedurei dagokienez, 2020an, zehazki, 1.043 erasotzaile zigortu zituzten Hegoaldean, eta 69 absolbituak izan ziren. Bi kasuetako zenbatekoak 2019ko datuak baino baxuagoak dira, baina gogoan izan behar da salaketak ere gutxiago izan zirela, eta zigortutakoen kopurua absolbitutakoena baino handiagoa dela.

Horrez gainera, indarkeria matxistagatik hamalau adingabeko ere zigortu zituzten epaitegiek, eta horietatik guztiei ezarri zizkieten neurriak. Hala ere, datu hori 2019koa baino baxuagoa da. Ordu hartan, hemezortzi gizonezko adingabe zigortu zituzten, 2020an baino lau gehiago, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.