Uharten andre bat hil zuen gizonari 11 urteko zigorra jarri diote

Akordioa lotu dute fiskaltzak, defentsak eta herri akusazioak, eta bertan behera gelditu da datorren astean egitekoa zen epaiketa

Natalia Balyuken hilketa salatzeko elkarretaratzea, 2018an, Uharten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
2018ko abuztuaren 25ean Uharten (Nafarroa) Natalia Balyuk kolpeka hil zuela aitortu du 44 urteko akusatuak, eta 11 urteko kartzela zigorra ezarri diote gizonezkoari: hamar urte hilketa delitu batengatik, eta beste urtebete tratu txar jarraituen delituagatik. Fiskaltzak 21 urteko kartzelaldia eskatua zuen, baina akordioa lotu zuten atzo alde guztiek. Hortaz, bertan behera gelditu da datorren astean egitekoa zen epaiketa.

Hilketaren egunean, larrialdi zerbitzuetara deitu zuen akusatuak Uharteko bere etxetik, abisatzeko emaztea dutxan erori zela eta konortea galdu zuela. Larrialdi zerbitzuak ez ezik, poliziak ere bertaratu ziren Uhartera, Zarraondoa kalera, eta ikusi zuten kolpeka egin ohi diren zauriak zituela Balyukek; haren senarrak ere, dei egin zuen gizonak, zauri batzuk zituela sumatu zuten. Erizainek eta medikuek Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten emakumea; handik bi egunera hil zen. 38 urte zituen. Foruzaingoak ondorioztatu zuen indarkeria matxista kasu bat zela, eta gizona preso hartzea erabaki zuten.

Foruzaingoak berak jakinarazi zuenez, gizonezkoak maiz ematen zizkion tratu txarrak emazteari. Sententzian irakur daitekeenez, akusatuak kolpeka hil zuen Balyuk, aurretik zituen zauriak berriz ireki eta barne odolustea eragin baitzioten. Akusatua 2018tik egon da behin-behinean preso. Espetxe zigorraz gain, gizonak kalte ordainak ere pagatu beharko ditu: 12.500 euro eman beharko dizkio Balyuken aitari, eta hogeina mila euro, berriz, biktimaren bi ahizpei.

2003tik 112 emakume hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian. Asteon bertan izan da azken biktima, Gasteizen: Erika Tavares; 37 urte zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.