Gazteen aurkako kriminalizazioa salatzeko protesta egingo da Iruñean

Larunbatean egingo dute manifestazioa, 18:30ean. Aurreko astean atxilotutako gazteen senide eta lagunek bultzatu dute deialdia

Gazteen senideak eta lagunak, atzo, Arrotxapea auzoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Joan den astean Iruñerrian atxilotu zituzten gazteen senide eta lagunek larunbatean Iruñeko Arrotxapea auzoan manifestatzera deitu dute. 18:30ean hasiko da manifestazioa, Plaza Gorrian. Erasoen aurrean, klase elkartasuna! lelopean eginen dute. Atzo egin zuten gazteen senideek eta lagunek agerraldia deialdia iragartzeko. Gainera, gogor kritikatu zituzten bai iragan astearteko polizia operazioa, bai hura gauzatzeko modua. Besteak beste, senideek eta lagunek salatu zuten atxiloketek «ikara sortzeko helburu argia» zutela, eta akusazioen atzean «manipulazio maltzurra» dagoela.

Prentsaurrekoan, salatu dute polizia operazioak urratu egin dituela atxilotutako gazteen eskubideak. Adierazi dutenez, atxilotuen etxeetan miaketak egin zituztenean, debekatu egin zuten bertan inor egotea, eta, ordu luzez, ez zieten aukerarik eman senideekin eta konfiantzazko abokatuekin hitz egiteko. Bestalde, salatu dute gazteak atxilo egondako bi gauetan ukatu egin zitzaiela osasun neurri egokiak izateko eskubidea: hotza eta higiene falta izan zuten, senide eta lagunen esanetan.

«Gazteak kriminalizatuta»

Salatu dute berriki gertatutakoa ez dela kasu bakan bat: «Salbuespena arau bihurtu da». Adierazi dute azkenaldian areagotu egin dela «indar polizialen boterea eta inpunitatea», eta, diotenez, horrek «gazteen kriminalizazioa» ekarri du. Hala, zabaldutako oharrean, babesa adierazi diete atxilotutako gazteei, eta nabarmendu dute erasoa «guztien aurkakoa» ere badela.

Espainiako Poliziak herenegun jakinarazi zuenez, «GKSren inguruko kale borrokako talde bat» osatzea leporatzen diete. Atxilotutakoak «erakunde sezesionista erradikaletako» kide direla zehaztu du Poliziak, eta GKS Gazte Koordinakunde Sozialista aipatu du zehazki. «Amnistia Ta Askatasuna» taldearen zale direla ere jaso dute oharrean.

Polizia urtebetez aritu da Arrotxapean eta Burlatan (Nafarroa) gazteak ikertzen, eta esan du «ekintza bortitzak, sabotajeak eta erasoak» egiten zituztela, «modu antolatu eta koordinatuan». Bost bankuren egoitzen eta bi dendaren aurkako erasoak sartu dituzte salaketa horien artean, eta zaborrontziak kalean gurutzatzea eta poliziei harrika egitea ere egotzi diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.