Nafarroako ubidea eguzki panelekin estaliko dute

Azpiegiturari esker, %30 gutxitu nahi dute lurruntzearen ondorioz galtzen den ura, eta, aldi berean, energia sortzeko baliatu

Nafarroako ubidea, artxiboko argazki batean. LANDER FDZ. ARROIABE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak eguzki panelak jarriko ditu Nafarroako ubidearen gainean, energia sortzeko eta lurruntzeak eragiten dituen ur galerak murrizteko. Atzo jakinarazi zuten plana Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko kontseilari eta presidenteordeak eta Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak.

Gomezen hitzetan, «proiektu garrantzitsu bat» da Nafarroarentzat, herrialdeak energia propioa ekoitzi ahalko duelako, «ingurumenean eragin gabe». Nafarroako ubidean ur gutxiago galtzea da proiektuaren beste helburua. Kalkulatu dute %30 urrituko dela lurruntzearen ondorioz galtzen den ur kopurua. Energiaren autokontsumoarekin eta CO2aren isurketak murriztearekin lotu dute proiektua. Kontseilariak nabarmendu du Nafarroaren «energia subiranotasunak» kostuak egonkortu ditzakeela nekazarientzat, industriarentzat eta herritar guztientzat. Eta ideia bera izan du ahotan Aierdi presidenteordeak ere, emandako datuen arabera, Nafarroaren BGParen ia %9 energia erostera bideratzen delako. «Proiektua aurrerapauso bat da energia berriztagarria sortzeko kontrol publikoarekin eta ingurumenean eragin gabe».

Zirkularra eta garbia

Gobernuak uste du proiektu berriak 160 MW sor ditzakeela. Hartara, bikoiztu egingo litzateke gaur egun eguzki panelek Nafarroan sortzen duten energia. Azpiegitura jabego publikokoa izango da, eta kontseilariek iragarri dute Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioan eta Europako Batzordean aurkeztuko dutela proiektua aurki. Batzordearen oniritzia espero dutela adierazi dute, eta azaldu dute zergatik: ekonomia zirkularrean oinarritutako proiektu bat delako, eta Europan ez dagoelako Nafarroan eraiki nahi dutenaren neurriko antzeko azpiegiturarik.

Gainera, Aierdi presidenteordeak nabarmendu du Europak«klimatikoki neutroa den lehen kontinentea» izan nahi duela 2050. urterako, eta baliteke asmo horretan lagungarri suertatzea Nafarroako ubiderako plana.

Proiektuak aurrekariak ere badituela azaldu dute Nafarroako Gobernuko ordezkariek: gogorarazi dute oraintxe bertan Nafarroan 7.000 lanpostu daudela energia berriztagarrien sektorean. «Ez gabiltza hutsetik hasten», azaldu du Aierdik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.