«Eskola publikoa lehenetsiko duen ituna» galdegin du Txibitek

Hizkuntza ituna adosteko bideari ekin diote Nafarroan. Jardunaldiak egin dituzte adituekin, eta agerian gelditu dira zenbait desadostasun

Ikasleak, Burlatako Askatasuna ikastetxean, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Nafarroan ere lehen urratsa egin dute hezkuntzaren alorrean «hitzarmen bat» lortzeko bidean. PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sinatutako gobernu itunean jasotako helburuetako bat da hezkuntza ituna, eta, Maria Txibite lehendakariak atzo gogorarazi zuenez, lehenbailehen jarri nahi dute martxan prozesua. Eusko Legebiltzarrean ere abian da akordioa lortzeko prozesua, eta, azaroan, dozenaka adituk eta eragilek parte hartu zuten horretarako propio sortutako batzordean. Nafarroan, bestelakoa izanen da bidea: Eskola Kontseilua arduratuko da itunaren zirriborroa ontzeaz, eta, horren ostean, testua Nafarroako Parlamentura igorriko dute, taldeek horren gainean eztabaidatu eta botoa eman dezaten. Apirilerako bukatua nahi dute.

Prozesuari hasiera emateko, jardunaldia egin zuten atzo Iruñeko Mediku Elkargoaren egoitzan. Bertan, itunaren garrantzia nabarmendu zuen Maria Txibitek, Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Haren irudiko, «ezinbestekoa» da hezkuntza sistemari eusten dioten lege eta arauak sendotzea, «begirada luzeko eta legealdi batez haraindiko hitzarmen kolektibo baten bidez». Are: itun horren bidez, «Nafarroako hezkuntza publikoari lehentasunezko soslaia emateko» asmoa agertu zuen Txibitek bere hitzartzean.

Lehendakariaz gain, hainbat eragile eta aditu gonbidatu zituzten atzoko jardunaldietara, hezkuntza itun horrek izan beharko lituzkeen ezaugarriak aletzeko. «Hezkuntza eskubide unibertsala» aipatu zuten parte hartzaile gehienek, eta baita «ekitatea» eta «bikaintasuna» ere, baina eduki eta konpromisoetan sakondu gabe.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Soziologia irakasle Xavier Bonal i Sarrok eskaini zuen lehen hitzaldia, «bikaintasuna eta ekitatea uztartzeko» beharraren inguruan, eta, horren ostean, hiru mahai inguru egin zituzten: lehenbizikoan, «hezkuntzaz eta haurtzaroaz gozatzeko eskubidea» mintzagai izan zuten Nacho Guadixek (Unicef) eta Alvaro Ferrerrek (Save The Children). Bigarren solasaldian, hezkuntza itunaren nondik norakoak aztertu zituzten Espainiako, Aragoiko eta Nafarroako eskola kontseiluetako buruek.

«Pluraltasunari» gorazarre

Lehen mahai inguruetan aditu, gobernuz kanpoko erakunde eta ordezkari instituzionalek parte hartu zuten. Azkenekora, ordea, hezkuntzako eragile zenbait gonbidatu zituzten sektorearen beharren inguruan eztabaidatzeko. Solasaldian parte hartu zuten LAB sindikatuko Oihane Jordanak, FSIE-SEPNA sindikatuko Pilar Lopezek, Herrikoa federazioko Maria Rodriguezek, Concapako Maria Teresa Modolek, ADI bigarren hezkuntzako zuzendarien elkarteko buru Iosu Menak, itundutako ikastetxeetako zuzendarien ordezkari Jorge Lanchasek eta Javier Azanza ikasleak.

Nafarroako Eskola Kontseilu barruan dagoen kontsentsua goraipatu zuen Koldo Sebastian moderatzaileak, baina, egiazki, azken saio horretan azaleratu ziren desadostasun nagusiak; besteak beste, Pisa txostenaren gisako ebaluazioaren beharraren inguruan; sexu, arraza edo klase sozialaren araberako segregazioari buruz, eta publiko-pribatu dikotomiaz. Jardunaldiaren bukaeran, sektorearen «pluraltasuna» nabarmendu zuen Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak, eta gaineratu zuen hezkuntza ituna «lehentasuna» dela Nafarroako Gobernuarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.