Euskara maila egiaztatzeko era aldatzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Euskaltegien ikasturte hasierako ekitaldia egin dute. Erabilera bultzatu beharraz aritu dira

Euskaltegietako ordezkariak eta Zupiria, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Martxan da 2022-2023ko ikasturtea euskaltegietan ere. Matrikula zabalik dago jada HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen euskaltegietan, Euskara musu truk lelopean. Atzo egin zuten ikasturte hasierako ekitaldia, Donostiako Miramar Jauregian. Bertan batu ziren HABEko, gizarte ekimeneko euskaltegietako eta udal euskaltegietako kideak, baita politikariak ere, besteak beste Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Gizarte ekimeneko euskaltegiak irmo mintzatu ziren, Josemi Reguero ordezkariaren ahotik: esan zuen administrazio publikoak euskara maila egiaztatzeko modua aldatu beharko lukeela.

Gehiago xehatu du proposamena Reguerok. Azaldu du euskara maila egiaztatzean administrazio publikoak tituluari erreparatzen diola. Hori ikusita, eremu pribatua jarri du jarraitzeko adibidetzat: «Itunpeko eskola batean irakasle bat hartu nahi badute, kontuan hartuko dute C1ekoa den ala ez, baina elkarrizketa bat egingo diote, eta ziurtatuko dute maila duela eskolak euskaraz emateko; hala ez bada, tituluak titulu, ez dute hartuko». Eredua administrazio publikora eramateko eskatu du: «Irakasle bati eskatu eskola bat euskaraz emateko, administrari bati testuak ulertu eta sortzeko euskaraz...». Tituluari ematen zaion garrantziak ondorioak dituela dio: «Toki askotan, euskaldundu bainoago, azterketak prestatzen trebatu ditugu ikasleak».

Eskaera klasikoago bat ere egin gu: doakotasuna. «Etorkinek ez dute ulertzen gauza bat: gaztelaniaz ikasteko ez dut euro bakar bat ere ordaindu behar, doan ematen dizkidate eskolak; euskara ikasteko, musu truk egingo dutela iragartzen zaie, baina musuak nahiko garestiak dira: mila euro-edo aurreratu behar dute. Hori aldatu beharko genuke, euskal hiritar berriak eta zaharrak euskalduntzeko».

Zupiriak ez die erantzun eskaerei, eta erabilera sustatzeko beharraz mintzatu da: «Euskaltegietan izango duzuen erronketako bat izango da, etorriko diren ikasle horiei hizkuntza erakusteaz gainera, erabiltzeko estrategiak bideratzea».

Joseba Uriz udal euskaltegien ordezkariak, berriz, nabarmendu du euskara ikasteko eskaintza zabala dutela. «Gure helburua eta asmoa beti izan da herritarren beharrei erantzutea». Eta erabileran jarri du begia: «Ezagutza sendotzeaz gain, erabilera bultzatzeko egitasmoetan ere protagonistak izan nahi dugu».

Lezioak irakasleei

Euskaltegietako eta erakundeetako kideez gain, euskara irakasleak ere han izan dira. Haiei zuzendu zaie Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko irakasle Daniel Cassany. Eskolak emateko eraz jardun du. Besteak beste, nabarmendu du ikasleekin erlazio ona eduki behar dutela ikasgelaz kanpo ere; talde lanari garrantzia eman dio, eta ahozkoa ez den komunikazioari arreta jarri beharraz ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.