'Klima larrialdia' aitortu du Asanblea Nazionalak

Klimari buruzko lege proiektuaren lehen artikulua onartu dute: 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko helburua ezarri dute

Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Frantziako Asanblea Nazionalak «larrialdi ekologiko eta klimatikoa» ezartzea erabaki zuen atzo arratsaldean, energiari eta klimari lotutako lege proiektuaren artikulu nagusia bozkatzearekin. Besteak beste, adostu zuten karbono neutraltasunera heltzea 2050. urtea baino lehen. Oposizioak deitoratu du hartutako engaiamenduak ez direla egoerak eskatzen duenaren heinekoak.

Frantziako energia politikaren helburuak finkatzen dituen lege proiektuaren lehenengo artikulua bozkatu zuten atzo Asanblea Nazionalean, eta onartu egin zuten: 41 alde, zazpi kontra eta lau abstentzio. François de Rugy Ingurumen ministroaren eskariz sartu zuten klima larrialdia kontzeptua, aldarrikapen «sinboliko» eta adierazpen politiko gisa.

Karbono neutraltasuna da lege proiektuaren lehen artikuluaren helburu nagusietako bat. Printzipio horren arabera, Frantziak ezingo luke isuri bere oihanek eta lurrek xurga dezaketen baino karbono gehiago. Horretarako, sei aldiz apaldu beharko lituzke berotegi efektuko gasen isuriak. 2050erako finkatu dute helburu hori.

Halaber, 2030erako erregai fosilen kontsumoa %40 apaltzea ere adostu dute, baina gibelatu egin dute Frantziako elektrizitate ekoizpenean nuklearrak duen pisua apaltzeko helburua. Iragarria zuten 2025erako nuklearra elektrizitate ekoizpenaren %50 izatea —%70 da orain—; ordea, jaitsiera helburu hori 2035era gibelatu dute azkenean. Frantziak energia arlorako prestatutako bide orriaren arabera, epe horretarako, 58 zentral nuklearretatik hamalau itxi beharko lituzke.

Hitzak eta ekintzak

«2030erako energia fosilen kontsumoaren %40ko apaltzea finkatzeak ez du ezer erran nahi, zenbaki politiko bat da», salatu zuen Delphine Batho diputatuak. François Hollanderen gobernuan Ingurumen ministro izan zen, eta, haren hitzetan, lege proiektuan finkatuak diren helburuak ez dira zientzialariek aurkeztu dituzten erronkaren heinekoak. «Eztabaidaren muina da jakitea klima larrialdi hori hitz soiletan geldituko den ala zinezko ekintzak izanen diren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.