Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Norbaiten kontra egitea ez da ona»

EAJk uste du ezkerreko indarren arteko Eusko Jaurlaritza bat ez litzatekeela onuragarria eta komenigarria izango: «Gizarteak badaki hori»

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidea, iaz, Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEkoen ondoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Aurreko batean Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak bezala, Arnaldo Otegi taldeko koordinatzaile nagusiak esan du ez duela posible ikusten uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako bozen ondoren EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen arteko gobernua sortzea. «Zientzia fikzioa da», adierazi zuen Otegik, igandean, Noticias taldeko egunkarietan. PSE-EEk ere baztertu izan du aukera hori, eta haien artean Elkarrekin Podemosek baino ez dio eusten ezkerreko gobernuaren apustuari. EAJ, berriz, Eusko Jaurlaritza hipotetiko horren aurka azaldu da, uste baitu bere aurka egindakoa litzatekeela. «Gobernatzeko helburua izatea zilegi da, baina ez da zentzuzkoa ezkerreko aliantza bat planteatzea herritarren erabakiz aukeratutako gobernua baztertzeko helburu bakarrarekin. Esperientziak erakusten du norbaiten kontra zerbait egiteak ez diola inoiz ondorio onik ekarri Euskadiri; euskal gizarteak badaki hori», esan du Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak, Herri Irratian.

Haren arabera, EPren, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko gobernu batek ez luke proiekturik, eta EAJk sozialistekin azkeneko legealdian osatu duen Jaurlaritzaren lana defenditu du, «egonkortasun politikoa» lortu duelakoan. «Ekintza politiko sendo batekin eta herriarentzako emaitza positiboekin» aritu da Eusko Jaurlaritza, Iturrateren esanetan.

Aitor Esteban EAJko diputatuak ETB1enesan du Patxi Ruiz euskal presoaren auzian PSE-EEren egoitzen aurkako pintaketek segitzen badute «zail» ikusten duela PSE-EEk, EH Bilduk eta EPk bat egitea gobernua osatzeko, «baina hauteskundeen ondoren zenbakiek gehiengoa ahalbidetzen badute, seguru hiru alderdietan horren aldeko jendea egongo dela eta sustatuko dutela». Estebanek azaldu du bere iritzian horrelako hiruko bat ez dela «komenigarria herri honentzat» eta «beste era bateko apustua» egin behar dela.

Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak, Bilbon egindako ekitaldi batean, ez du egin hautu baten edo bestearen alde. COVID-19aren krisiaren aurrean, «akordioa» aldarrikatu du, eta «Euskadi modernizatzeko sakoneko erreformak» galdegin ditu.

Boto eskaera telematikoki

Correosek jakinarazi du zabalik dagoela bozetarako posta bidezko botoa modu telematikoan eskatzeko epea. Haren webgunean egin beharko da tramitea, sinadura elektronikoa baliatuta. Eskaria egindakoan, Correoseko langileek etxera eraman dezakete hauteskundeei buruzko dokumentazioa, hil honen 22tik aurrera. Boto emaileak, nahi izanez gero, aukera izango du orduan bertan postariari botoa emateko.

Salbuespenezko neurria da, koronabirusak eragindako osasun krisiaren eraginez eta boto emaileen eta Correoseko langileen osasuna zaintzeko asmoz hartutakoa. Telematikoki eskatzeko aukerak ez du galarazten posta bidezko botoa aurrez aurre eskatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.