Indarkeria matxistari aurre egiteko dirua %30 handituko dute

Zaintzaren aldeko «gizarte itun» bat iragarri du Artolazabalek. Giza eskubideak oinarri dituen espetxe eredu bat bultzatu nahi du Jaurlaritzak

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburua, atzo, legebiltzarrean. IREKIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak handitu egingo du indarkeria matxistaren biktimentzako prebentzio eta arreta zerbitzuen aurrekontua. %30ekoa izango da igoera hori legealdi osoan: denera, 110 milioi euro inguru. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak legealdirako asmoak iragarri zituen atzo Eusko Legebiltzarrean, eta jakinarazi zuen urtero gutxienez 30 milioi euro bideratuko dituela bortxa matxistaren biktimak laguntzera.

Berdintasun politiken «zeharkakotasunak» gidatuko du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako jarduna datozen lau urteetan, eta hainbat egitasmo garatuko ditu xede horri lotuta. Artolazabalek jakinarazi du berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko «herri itun bat» sustatuko dutela, eta lehentasunen artean jarri du legebiltzarrak Berdintasunerako Legearen erreforma «ahalik eta arinen» onartzea. Lege erreforma horren barruan jasota egongo dira indarkeria matxistagatik umezurtz gelditurikoei bideratutako laguntzak, besteak beste. Horrekin batera, indarkeria matxistaren biktimekiko arreta indartuko du gobernuak, «leihatila bakarra» ezarrita.

Bestalde, zerbitzu sozialen sistema «indartzeko» konpromisoa ere hartu du Artolazabalek, eta iragarri du zaintzaren aldeko «gizarte itun» bat sustatuko duela Emakunderekin elkarlanean. Adinekoen zaintzan, «bitarteko baliabideak» bideratzeko asmoa ere agertu du sailburuak, bereziki etxean arreta jasotzea ezinezkoa den kasuetan. Koronabirusaren izurria bereziki ari zaie zahar etxeei eragiten, eta zenbait gabezia ari da azaleratzen; horixe bera egotzi diote oposizioko taldeek sailburuari. Artolazabalen ustez, baina, egoitzen sistemak ez du «huts» egin. Areago, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizarte politikak«erreferente» direla esan du, nahiz eta aitortu badagoela «zer hobetu». Hala, egoitzen inguruko «gogoeta» eta «azterketa» bat bultzatuko dutela jakinarazi du.

Biktimak aintzat hartuak

Giza eskubideen esparruan, «adiskidetzean» eta «bakean» aurrera egin nahi du Artolazabalek, eta «biktima guztien» eskubideak bermatu nahi ditu. «Biktima guztiek izango dute lehentasuna: ETAren terrorismoaren biktimek, baita GALen, Batallon Vasco Españolen, eskuin muturraren eta terrorismo jihadistaren biktimek ere». Zehaztu du biktima guztiak aintzat hartuko dituztela, «inor baztertu gabe», baina giza eskubideen urraketak ez dituztela parekatuko. Ideia batean jarri du indarra: «ETAren indarkeria eta zentzugabekeria izan dira hamarkada luzez izan den giza eskubideen urraketarik larriena».

Datozen lau urteetan, memoria «kritikoa eta autokritikoa» sustatuko ditu Jaurlaritzak, eta Gogora institutuaren lana funtsezkoa izango da helburu hori lortzeko. Artolazabalek azpimarratu duenez, martxan jarriko dituzten egitasmoen artean egongo da Gasteizen Martxoaren 3ko memoria zentro bat eraikitzea.

Espetxe instituzioen transferentzia kudeatuko du Jaurlaritzak martxotik aurrera, eta, eskumena transferitzen denean, «gizarteratzea» oinarri duen espetxe eredua martxan jarri nahi du Artolazabalen sailak. «Jaurlaritzaren helburua da giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe eredu gizatiarrago bat lortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.